Itxi

Txoriene

Txoriene

Txoriene

Txoriene

Bartzelona jatetxeko Izaskun Olano, 'Txoriene' saioan

EITB

Legorretako Esnaola auzoan dago Bartzelona landetxe-jatetxea eta bertan prestatzen dituen platerak egiten erakutsiko digu Xuban Intxaustik gidatutako saioan.

  • Izaskun Olano, Bartzelona jatetxea | Txoriene

    Izaskun Olano Bartzelona jatetxeko sukaldaria

Bartzelona jatetxeko alaba, Izaskun Olano, izango da "Txoriene" saioko lehendabiziko gonbidatua. Legorretako Esnaola auzoan dago Bartzelona landetxe-jatetxea eta Izaskun da bertako sukaldari nagusia. Xuban Intxaustiren "Txoriene" etxean, jatetxean prestatzen dituzten hainbat plater egiten erakutsiko digu.

Txiki txikitatik izan zuen Izaskunek sukalderako bokazioa. Txikia zenean, Errege Magoei gozogintzarako gauzak eskatzen zizkiela aitortzen du: masa zabaltzeko arrabola, irabiagailu elektrikoa, hagaxka, pastelgintzarako mahuka eta antzerakoak izan ziren bere txikitako jostailuak.

Donostiako CEBANC eskolan sukaldaritza ikasi ondoren, Tolosako Oria hotelean egin zituen praktikak. Horiek amaituta, bertan geratu zen lanean eta bosgarren urtea bete baino lehen Bartzelona landetxe-jatetxearen proiektua abian jartzea erabaki zuen familia osoarekin batera.

Hasiera gogorra izan zela onartzen du Izaskunek, "baina merezi izan du, jendeak oso ondo erantzun izan baitu", dio. Izaskunentzat satisfazio handia da janariaz jendeak nola gozatzen duen ikustea. Bere jatetxean sukaldaritza tradizionala eskeintzen du, lehen garai batean bezala, goxoa eta asko mimatua. Tarteka berezitasunak ere sartzen dituzte, eta jendeak gustura hartzen dituela dio.

Xuban Intxaustik aurkezten duen ETB-1eko gastrotalk estiloko saioan, jatetxean ohikoak diren hainbat errezeta prestatzen erakutsiko digu. Lehendabiziko egunean, Tolosako teilak eta zigarroak eta ziazerba-kroketak egingo ditu. Bigarren saioan, berriz, bizkotxoa eta haragi lasagna prestatzen erakutsiko digu. Hirugarren egunean magdalenak eta haragi-bolak saltsan sukaldatuko ditu eta laugarrenean, gazta tarta fruitu gorrien ziroparekin eta bakailaoa piperrada eta panadera patatekin. Bosgarren saioan betiko torradak eta zangar arrautzeztatua hornigaiarekin prestatuko ditu.