Itxi

Txoriene

Txoriene

Txoriene

15:00etan

'Txoriene', Zigor Iturrietarekin, gaurtik aurrera, ETB1en

A.A.

EiTB

Zigor Iturrieta sukaldari eta mendi-korrikalariak hartuko du sukaldaritza saioaren ardura denboraldi berrian. Berrikuntza ugari dakartza berarekin.

1:39

'Txoriene' saioak denboraldi berriari ekingo dio, gaur, ETB1en. Zigor Iturrieta sukaldari eta mendi-korrikalariak gidatuta, hainbat berrikuntza izango ditu. Ez da sukaldaritza saio soila izango, eta gastro-talk izaera areagotuko du. Jakiak prestatzeaz gain, solasak garrantzi handia hartuko du, eta denetariko lagunak pasatuko dira egunero platotik.

'Txoriene' berriak iraupen luzeagoa izango du. Ordubetez arituko zaigu sukaldean eta solasean Zigor Iturrieta, astelehenetik ostiralera, 15:00etatik 16:00etara, giro onean. Jatekoa prestatzen duten bitartean, gonbidatuekin hizketan arituko da, euren jakinduria modu natural batean transmititu eta zabaltzeko asmoz.

Astelehenetan, bere inguruko jendea hartuko du 'Txoriene'ko sukaldean, kirol munduko lagunak. Euren jardunaz eta elikadura zaintzeko moduaz arituko dira berbetan, eta kirol jarduerarako komeni den jakiren bat prestatuko dute.

Astearteetan, adituen txanda izango da. Lau lagun joango dira astero, txandakatuz: Silvana Huegun, Gorka Gereño, Aritz Urdanpilleta eta Jabier Agirre.

Silvana Huegun dietista eta nutrizionista gure osasunerako egokia den elikaduraz arituko zaigu. Aritz Urdanpilleta ere nutrizioan aditua da, eta kirol munduari zuzenduta egiten du lan. Kirola egiten dutenentzat egokiak diren platerak eta edariak nola prestatu erakutsiko digu.

Gorka Gereño sukaldari makrobiotikoa da. Sukaldean aritzeaz gain, ikastaroak eskaintzen ditu. Makrobiotikaren inguruan dauden hainbat mito hautsiko ditu bere jakinduriaren bitartez.

Azkenik, Jabier Agirre familia medikua da. Bizimodu osasungarria egiteko aholkuak eskainiko ditu, tradizioaren ikuspuntutik: gorputzaren hidratazioari eusteko pureak eta zopak jan behar direla, ardo pixka bat edatea ona dela, denetarik jan behar dugula?

Asteazkenak aitona-amonen egunak izango dira. Euren istorioak kontatzen dituzten bitartean, sukaldaritza tradizionalari zabalduko diote leihoa. Arrain-zopa, txipiroiak, haragi-bolak? Betiko janariaren aldeko aldarria egingo dute.

Ostegunetan, hornitzaileei egingo diete tartea. Hasiera-hasieratik, 'Txoriene' saioak sukaldariek euren hornitzaileekin duten harreman zuzena eta gertukoa nabarmendu izan du. Zigor Iturrieta ere merkatuan topa ditzakegun produktuei buruz arituko zaigu, egileak (sagardogileak edo ogia egiten dutenak, adibidez) platora ekarriz.

Ostiralak familiaren eguna izango dira, eta Euskal Herriko umeei zabalduko dizkie ateak Zigorrek, sukaldean aritzen diren bitartean, jaten ere ikas dezaten. Bide batez, asteburuari begira etxean haurrekin batera presta ditzakegun janari osasungarriak egiten erakutsiko digute, aurrez prestatu daitezkeen gauzak, hondartzara eramateko, adibidez.

Zigor Iturrietari (Zornotza, 1974) txikitatik gustatu izan zaio sukaldean aritzea. Ezin da ahaztu bere aita, Jose Luis Iturrieta kazetaria, sukaldaritza kontuetan aditua dela. Leioako Ostalaritza Eskolan egin zituen ikasketak. Hilario Arbelaitz, Martin Berasategui eta Michel Guérard sukaldari handien ondoan lan egindakoa da, baita Axpeko Etxebarri eta Bilboko Lopez de Haro jatetxeetan ere. Azken hamar urteetan Arrasateko Auzo Lagun catering enpresan aritu da, eta orain telebistara egingo du jauzi.

Hizlari aparta dela ezin ukatu. Euskadi Irratiko entzuleei ahots ezaguna egingo zaie, 'Hiri Gorrian' saioko ostegunetako solaskideetako bat baita.

Sukaldaritzarekin eta familiarekin batera, kirola da Zigorren pasioa. 2008az geroztik, mendiko lasterketetan murgilduta dabil.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Euskal Telebista