Itxi

Ur Handitan

Ur Handitan

Ur Handitan

22:15ean

Kirol egokituaren munduan barrena, gaur, 'Ur Handitan' saioan

EITB

Urritasun fisiko zein psikikoak dituzten kirolariak izango ditu protagonista saioak.

0:23

Gaur, 'Ur Handitan' saioaren hamargarren atalean, kirol egokituaren munduan murgilduko dira. Jaiotzez edo istripu baten ondorioz, urritasun fisiko zein psikikoa duten kirolariengana hurbilduko da Xabier Madariaga datorren astean, gainditze bizipenak gertutik ezagutzeko.

Maialen Solaun laudioarra izango da gure protagonista nagusia. 16 urte ditu eta duela hiru urte ikusmena galdu zuen bizikletan izandako istripu baten ondorioz. Pertsona itsu baten bizimodura egokitu behar izan du bere egunerokoa, eta, besteak beste, 'goalball' deituriko kirolak eman dio aurrera egiteko indarra. Txintxarri bat barnean daraman baloiarekin jokatzen den kirol olinpikoa da. Partida batean egongo da Xabier Madariaga, eta bizimodu berrira nola egokitu den ezagutuko du gertutik.

Aitor Frantzesena surf egokituko munduko txapelduna, besteak beste, Aritz Aranburu edota Acero anaien entrenatzailea izan da. Hamahiru urterekin galdu zuen lehen begia, eta surf istripu batean guztiz itsu geratu zen. Bere bizipenak kontatuko dizkigu, eta taula gainean nola aritzen den erakutsiko du.

Uretatik irten gabe, Iñigo Llopis hernaniarrarekin egongo da saioa Donostian. Igerilaria da bera, eta jaiotzez malformazioa du eskuan eta hankan. Umetan, hanka hautsi zuen futbolean, eta errehabilitazioan zegoela hasi zen igerian. Espainian zein Europan urrezko dominak irabazi ditu, eta udan Rioko joko paralinpikoetan egon da.

Donostian bertan, Jon Alonso karate egokituko Euskadiko txapeldunak bere trebeziak erakutsiko ditu kameren aurrean. 23 urteko kirolari honek Down sindromea du.

Beñat Lizaso eta Eneko Sagarmendi, ordea, frontoian aritzen dira. Lehenengoak, istripu batean galdu zuen hanka, eta, bere bizipenak kontatzeaz gain, aulki gurpilduneko paletan nola jokatzen duen erakutsiko du. Bigarrena, adimen urritasuna duen 19 urteko mutrikuarra, Gipuzkoako pala txapelduna bilakatu zen iaz.

Azkenik, Ione Basterra eta Patxi Suarez kirolari gazteekin egongo da 'Ur Handitan'. Biek bizkarrezur bifidoa dute. Haur zirenetik ikasi dute horrekin bizitzen, mugitzeko oztopoak eragin badizkie ere. Ione Basterrak 'handbike' egiten du, eta Europako txapelduna da bere kategorian. Patxi Suarez, berriz, Bidaideak taldean aritzen da, saskibaloi egokituan.

'Ur Handitan' astearteetan izaten da ikusgai, 22:15etik aurrera, eitb.eus-en eta ETB1en.