Itxi

Ur Handitan

Ur Handitan

Ur Handitan

22:30ean

'Motxiladun umeak', gaur gauean, 'Ur Handitan' saioan

A.E.|EiTB

Aste honetako saioak euskal presoen seme-alabak izango ditu protagonista.

0:24

Gaur gaueko 'Ur Handitan' saioko protagonistak umeak eta gazteak dira. Zaharrenak 19 urte ditu, gazteenak zortzi. Motxiladun ume izenarekin ezagutzen dira: euskal presoen seme-alabak dira, aita edo ama (batzuetan biak) espetxean dutenak. Gainera, Euskal Herritik kanpo dituzte gurasoak. Horrek saioko protagonisten egunerokoan duen eragina emango du ezagutzera ETB1eko saioak.

Gari izeneko bederatzi urteko ume bat Granadako kartzelan jaio zen, gurasoak bertan baitzeuden preso. Hiru urtera bete zituen arte, Espainiar Estatuko kartzela ezberdinetan bizi izan zen gurasoekin, baina, legeak behartuta, kartzelatik irten behar izan zuen, adin horretara iritsi zenean. Biriatun bizi da ordutik aitona-amonekin. Gurasoak Algecirasko kartzelan ditu gaur egun, eta Garik hilero 2.000 kilometroko joan-etorria egiten du haiek ikusteko. Gariren errealitatea bere osotasunean ezagutzeko, bidaia horietako batean izan gara berarekin.

Maddik 11 urte ditu, eta ahizparekin eta amarekin bizi da. Hiru urte zituenean atxilotu zuten Maddiren aita. Gaur egun Valentzian dago preso eta hilero joaten zaizkio hirurak bisitan. Zazpi orduko bidaia da, "astuna eta gogorra", bere hitzetan. Aita etxera noiz itzuliko ote den galdetzen dio etengabe amari.

Adur 19 urteko gazte bilbotarra ere ezagutuko dugu. Bere adineko edozein gazteren egunerokotasuna du; lagunak, ikasketak… Aita, baina, Frantzian du, Arlesko kartzelan, eta horrek guztiz baldintzatzen dio errutina.

Amaiurrek 14 urte ditu, eta asko gustatzen zaio futbolean aritzea. Ama joaten zaio partidetan animatzera. Aitak 17 urte daramatza Castelloko kartzelan. Amaiurrek ez du, beraz, ez du inoiz aita kalean ikusi. Garai batean ama ere espetxeratu zuten, eta aitona-amonekin bizi izan zen. Espetxeko bidaiak bere bizitzaren parte izan dira jaio zenetik.

Hize eta Aiur 8 eta 3 urteko anai-arrebek Murtziako kartzelan dute aita. Txikitatik ezagutu duten errealitatea bada ere, "bisita bakoitza oso berezia da" bientzat. Hilean lau orduz bisitatzen dute aita, eta telefonoz astean bitan hitz egiten dute berarekin.

Malen unibertsitatean hasi da aurten, eta aitari eginiko bisitak eta ikasketak uztartzen ikasi behar izan du. 18 urte ditu, eta aitak 20 daramatza espetxean (gaur egun Almerian dago). Malenek hiru hilabete zituela eraman zuen amak lehenengoz espetxera aita ezagutzera. Ordutik, hilero joaten saiatzen da. 11 orduko bidaia, amaren eta nebaren konpainian.

Nuria Haizea txikiaren andereñoa da. Bere ikaslearen gurasoak kartzelan zeudela jakin zuenean bere burua eskaini zuen alabarekin batera Valentziara joateko bisitan. Ordutik, urtean behin doaz biak gurasoei eskolako berriak aurrez aurre ematera. Haizearen autoestimuak gora egin du ordutik. Orain normaltasun handiagoarekin hitz egiten die klaseko kideei gurasoen egoeraz.

'Ur Handitan' astearteetan izaten da ikusgai, 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.

us-en.