Itxi

Ur Handitan

Ur Handitan

Ur Handitan

22:30ean

Bizitza segundo batean nola alda daitekeen erakutsiko digu 'Ur Handitan' saioak

A.E.|EiTB

'Memento' izeneko atalean, bizitza istant batean batzuetan onerako eta besteetan okerrerako nola alda daitekeen azalduko dute gonbidatuek.

0:25

"Bizitza segundo bakar batean nola alda daitekeen', esan ohi dugu. Baina zenbateraino gara esaldi horren esanahiaren kontziente? Aste honetako 'Ur Handitan' saioko gonbidatuek erakutsiko digute bizitza istant batean batzuetan onerako eta beste batzuetan okerrerako nola alda daitekeen.

Txaber Zearretak istripua izan zuen autoa gidatzen ari zela. Beste noranzkoan zihoan kamioi baten aurka hartu zuen kolpea. Ama eta aita auto barruan zeuden, eta aita hil egin zen. Urteotan galdera asko egin dizkio bere buruari, baina erantzunik gabeko galderak direla uste du, erantzuna ez duela inoiz topatuko. Errudun sentsazioa izan du (badu oraindik), eta amarekiko eta anaiarekiko harremana aldatzearen beldur da geroztik.

Javier Etxezarreta donostiarrak ere hainbat beldur gainditu behar izan ditu. 2011n istripua izan zuen mendian, eta lesio larriak egin zituen 10 metroko amildegi batetik erorita. Gurpildun aulkian bizi da ordutik. Dena aldatu da bere bizitzan, eta asko kostatu zaio egoera berrira egokitzea. Erorketa batek, istant batek, bizitza aldatu zion.

Igor Etxeberria salbuespena da, bere hitzetan. Orain dela bost urte, lanean ari zela, 30.000 volteko deskarga izan zuen, baina bizirik dago. Gogoan du elektrokutatu zen egun hura. Lurrean begiak itxita esnatu zen unea, gorputza sentitzen ez zuela, eta behatzak sentitzen hasi zenekoa. Handik aurrera beste bat dela dio.

Gorka Gomez bermeotarrak ezin izango du inoiz ahaztu 2013ko apirilaren 11ko goizaldea. Etxea galdu zuen azken urteotan Euskal Herrian izan den suterik larrienetako batean. Etxeko gauza guztiak galdu zituen ordu gutxi batzuetan, ezer gabe geratu zen. Eta amets gaiztoa ez zen egun hartan amaitu.

Asmamaw Tegeneren bizipenak oso bestelakoak dira. Etiopian jaio zen, umezurtz geratu zen bi urterekin eta egunak kalean pasatzen zituen, turistei bere bizitza kontatuz. Egunero egiten zuen hori, baina gehienek ez zioten entzuten. Euskaldun batek, Iñigo Barruso Etiopiara oporretara joandako bergararrak, egin zuen arte. Lehenengo unetik konexio berezia izan zuten, eta idatziz eta Internetez harremanetan egon ziren, Asmamawk Euskal Herrira etortzea erabaki zuten arte. Aita deitzen dio egun, eta bientzat elkar ezagutzea loteria izan dela diote.

Baina benetako loteria Rosa Mari Aiastuiri tokatu zitzaion. Orain dela hiru urteko Gabonetako zozketak milaka euro ekarri zituen Donostiako Altza auzoko Arrizar tabernara. Rosa Mari taberna horren jabea zen, eta hainbat auzotarren bizitza aldatu zuen loteria zenbakia banatu zuen. Rosa Marik dioenez, "momentu batean dena aldatu zen".

Istant batean bizitza nola alda daitekeen ikusiko dugu, beraz, gaur gauean, 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.


ll" />