Itxi

Ur Handitan

Ur Handitan

Ur Handitan

22:30ean

Umoreaz arituko dira gaur gauean 'Ur Handitan' saioan

A.E.| EiTB

Mikel Pagadi, Aitziber Garmendia, Zuhaitz Gurrutxaga, Nerea Arriola, Anjel Alkain, Telmo Irureta eta Kike Amonarrizekin hitz egingo du Xabier Madariagak.

0:22

Euskal umoregile ezagunenetako batzuek umoreaz hausnartuko dute gaur gauean 'Ur Handitan' saioan. Umorea 'arinkeriatzat' jotzen dugula uste dute elkarrizketatu gehienek, eta eurek kontatuko digute zertarako balio izan dien umoreak, lanbide izateaz gainera. Izan ere, umorerik gabe bizitzak zentzurik ez lukeela diote guztiek.

Mikel Pagadi, zuzenbidea eta diseinu grafikoa ikasi arren, umoretik bizi da gaur egun; bere esanetan, kasualitatez. Egunerokoan ez dela bereziki umoretsua dio, eta are gutxiago kalean geldiarazten dutenean; bere ustetan, umoregilea ez baita egunean 24 orduz txisteak kontatzen dabilen pertsona.

Aitziber Garmendia antzerkiaren bitartez hurbildu zen umorera. Egun, antzokietan ez ezik, telebistan zein zineman ere aritzen da. Hartzailearekiko konexioaz, hizkuntzaren eraginaz eta umorearen marra gorriez hausnartu du zaldibiarrak.

Zuhaitz Gurrutxagak dio mina sortu izan dioten hainbat gauza erlatibizatzeko erabili duela umorea. Dramak denbora tarte baten ondoren beste modu batera ikusten direla dio, askotan esaten dugula: "Badakit egunen batean hau kontatzean barre egingo dudala". Gauzak desdramatizatzen hasi denetik eta umorea bere egunerokoan presenteago dagoenetik, zoriontsuagoa da Zuhaitz.

Nerea Arriola Super Txope ezizenez ezagutu genuen. Umorearen alde ona eta ez hain ona ezagutu ditu denbora tarte honetan. 'Euskalduna Naiz, eta Zu?' saioan parte hartu zuen, eta mugak zeintzuk diren eta bere ustez zein izan beharko liratekeen kontatu digu. Umorean guztiak ez duela balio dio, albokoa mintzearen marra fina dela.

Anjel Alkain, euskarazko umore garaikidearen aitapontekoetako bat izanik, bere bilakaeraren inguruan, hizkuntzak umorean duen garrantziaz eta telebistan egiten den euskalkien erabileraz mintzatu da, besteak beste.

Telmo Iruretak garun paralisia dauka, eta jaio zenetik bere egoeraz umorea egin duela dio. Bakarrizketa bat ere egiten du berak bizi duen egoeraz, eta argi dio bere egoera bizi ez duen norbaitek ezingo lukeela halako zerbait egin. Umore beltza maite du, eta heriotza gai interesgarria iruditzen zaio umorea egiteko.

Kike Amonarriz euskal filologo eta telebista-aurkezleak txikitatik ekin zion barre kontuetan aritzeari. Berak dioen moduan, umorea lehen pertsonan, bere belarriekin zuen konplexuarekin, zehazki. Besteen inguruan egiten den umorearekin, ordea, kontuz ibili beharra dagoela dio, mugak oso lausoak baitira.

Umoreaz seriotasunez, beraz, gaur, 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.