Athletic Club
EA Sports Liga
Athletic Txapeldunen Ligan finkatu da, Balaidosen irabazita (1-2)
L.U. | EITB Media
Athleticek urrezko hiru puntu lortu ditu Celtaren aurka, eta hamaika dira jada Ligan galdu gabe daramatzan partidak. Berenguer eta Vivianen golei esker nagusitu dira zuri-gorriak.
-
Celta vs Athletic
Leer en Castellano: El Athletic se afianza en la Champions en Balaídos (1-2)
Athleticek EA Sports Ligako laugarren postua sendotu du igande honetan, 20. jardunaldian, Balaidosen, Celta mendean hartuta (1-2). Alex Berenguerren eta Dani Vivianen golek hamaikara luzatu dute Ernesto Valverderen taldeak galdu gabe daraman partida bolada.
Balaidosko norgehiagoka Celtako zaleek epaileei egindako txistuekin hasi da. Neurketako lehen minutuetan, jokoan nagusi izan da Athletic, aurkariaren zelaian presentzia nabarmena izanda; izan ere, galdutako baloiaren osteko presioa oso ondo egin du Ernesto Valverderen taldeak.
15. minutuan iritsi da Bilboko taldearen lehen abagunea, Nico Williamsen erdiraketa batekin. Celtaren atezainak, baina, geldiketa bikaina egin du Nicoren erdiraketa kornerrera desbideratzeko, pozoitu egin baita.
Bisitarien hurrengo gol aukeran, Berenguer izan da protagonista. Galarretak erdiratu ostean, bi atzelariren artean sartu da, plantxan, eta horren burukada kanpora joan da, gutxigatik. 36. minutuan, Celtako atezainak hegan egin behar izan du Beñat Pradosen jaurtiketa kanpora ateratzeko.
Athletic Galiziako taldea baino gehiago izan da lehen zatian, baina azken metroetan fintasuna falta izan zaio. Azkenean, 0-0 berdinduta joan dira aldageletara.
Bigarren zatian, Celta gehiago nabarmendu da, eta Athletic deserosoago agertu da lehen minutuetan. 65. minutuan, ordea, bisitarien lehen gola heldu da. Iñaki Williamsek eskuinaldetik erdiratu du, eta Berenguerrek aurrea hartu die aurkariei, lehen zutoinean errematatu eta baloia Guaitaren hanken artetik sare barrura bidaltzeko (0-1).
Gola jaso ostean, galiziarren jokoa apaldu egin da, eta Vivianek Athleticen bigarrena egin du 72.ean. Guaitak Unai Gomezen jaurtiketa gelditu du, Manquillok ez du asmatu eta pilota Unai Gomezi heldu zaio berriro, Vivianek baloia sare barrura bidaltzeko (0-2).
Hurrengo jokaldian, Hugo Alvarezek aldea murriztu du Celtarentzat. Claudio Giraldezek zuzentzen duen taldeak hegaletik atera ondoren, Adama Boirok pase bat gelditu du, baina irrist egin du, Hugo Alvarezek baloia harrapatu du eta gola egin du (1-2).
Celta berdinketaren bila aritu da atsedenik gabe, baina ezin izan du saihestu zuri-gorrien garaipena. Horrela, Athleticek atzean utzi ditu Bartzelonaren aurka (0-2) Espainiako Superkopan eta Osasunaren aurka (2-3) Errege Kopan jasotako porrotak. Ernesto Valverderen taldeak 39 puntu ditu jada, Barçak adina, eta lehen postutik bost puntura dago.
FITXA TEKNIKOA
1. Celta: Guaita; Javi RodrIguez (Manquillo, 69. min), Yoel Lago, Carlos Dominguez; Carreira, Beltran (Moriba, 63. min), Hugo Sotelo, Cervi (Mingueza, 46. min); Pablo Duran, Borja Iglesias (Douvikas, 69. min), Williot (Hugo Alvarez, 46. min).
2. Athletic: Unai Simon; Gorosabel, Vivian, Yeray, Adama; De Galarreta (Jaureguizar, 67. min), Prados, Unai Gomez (Vesga, 82. min), Iñaki Williams (De Marcos, 89. min), Nico Williams (Yuri, 89. min), Berenguer (Guruzeta, 82. min).
Golak: 0-1, 62. min: Berenguer. 0-2, 70. min: Vivian. 1-2, 74. min: Hugo Alvarez.
Epailea: Ortiz Arias. Mingueza kanporatu du, eta txartel horia atera dio Moribari (59. min).