Bitxikeriak -
Hegoafrika
Haztegitik ihes egindako 10.000 krokodiloren ehiza hasi du Poliziak
Bizilagunek krokodiloak eskuekin harrapatzen hasi dira. Hegoafrikan krokodiloan haztegi ugari daude, animalien larruazala luxuzko produktuak egiteko saltzen dutelako.
Erredakzioa
Hegoafrikako Poliziak 10.000 krokodiloren ehiza hasi du, animaliak igandean haztegi batetik ihes egin ondoren. Krokodiloak uholdeak aprobetxatuta atera ziren euren eremutik, eta, momentuz, ez dago gizakiei egindako erasoen berririk.
Animalia gehienak Limpopo ibaira iristea lortu dute, kontinenteko hegoaldeko ibairik handienetakoa. Ibaiaren inguruan, agenteak eta bizilagunak krokodiloak eskuekin harrapatzen hasi dira. Gauean harrapatzen dituzte animalia gehien, errazagoa baita kiheslariak antzematea iluntasunean begiek distira gorria dutelako.
Krokodiloek igandean ihes egin zuten, Rakwena izeneko haztegiko arduradunek krokodiloen eremuko ateak ireki behar izan zituztenean, uholdeek sortutako ur-korronteek animaliak zapalduko zituzten beldur zirelako.
Luxuzko gaiak
Rakwena haztegia dagoen lurraldean haztegi ugari daude, krokodiloen larruazala luxuzko gaiak egiteko saltzen dutelako.
Ihes egindako krokodilo gehienak ez dira bi metroko luzerara iristen, baina, hala ere, Hegoafrikako eta Zimbaueko Poliziak Limpopo ibaiko uretan ez sartzeko gomendioa eman die inguruko herritarrei.