Bitxikeriak -

Finlandia

95.000 euroko isuna jaso du enpresari batek azkarregi gidatzeagatik

Finlandiako poliziak ezarri duen bigarren isunik handiena da, Nokia enpresako exekutibo batek jasotako 116.000 euroko multaren atzetik.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Finlandiako Poliziak 95.000 euroko isuna jarri dio enpresari bati gehiegizko abiaduran gidatzeagatik. Åland artxipelagoko Mariehamn hiriko gune batean orduko 77 kilometroko abiaduran zihoan enpresaria, onartutakoa baino 27 gehiago, Ålandstidningen egunkariak azaldu duenez.

Neurriz gaineko isun horrek badu arrazoi bat. Trafikoko arau-hauste larrientzat, legedi finlandiarrak arau-hauslearen irabazien araberako isun sistema ezartzen du, azkeneko errenta aitorpenean azaltzen denarekin bat datorrena.

Onartutako gehienezko abiadura % 15 edo gehiago gainditzea arau-hauste larritzat hartzen du legeak, eta "isun egun" kopuru jakin batekin zigortzen du -urteko irabaziak urteko lanegunen artean zatituta-. Zenbat eta arau-hauste larriagoa, orduan eta isun handiagoa.

Anders Wiklöf enpresariak Ålandstidningen egunkariari aitortu dio oharkabean gainditu zuela gehienezko abiaduraren muga, eta isuna "gehiegizkoa" dela. Finlandiako trafiko araudia "bidegabea" dela adierazi du.

"Suedian azkarregi gidatuz gero, 4.000 koroako isuna (450 euro) jasoko nuke. Aldea izugarria da. Ezin dut ulertu Finlandian Suedian baino gaizkile handiagoa izan naitekeenik, baina legea legea da", aipatu du Wiklöfek.

"Nahiago nuke diru hori adinekoen eta gaixoen zaintzarako, haurtzaindegietarako edo beste edozer gauzatarako erabiltzea. Erruduna naiz, baina neurri hori bidezkoa ote den galdetzen diot neure buruari", gehitu du.

Isun handia izan arren, ez da Finlandiako Poliziak ezarri duen multarik altuena. 2002an, Anssi Vanjoki Nokia enpresako exekutiboak 116.000 euroko isuna jaso zuen Helsinkiko erdialdean ziklomotor batekin orduko 75 kilometroko abiaduran joateagatik, onartutako gehienezko abiadura orduko 50 kilometrokoa izanik. Hala ere, helegitea jarri ostean, 6.000 eurora jaitsi zioten multa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea