Bitxikeriak -
Gastronomia
Europako menurik garestiena, 1.200 eurokoa, frantziarra da
Parisko Le Taillevent jatetxeak hamar lagunentzat bost mahai eskaintzen ditu, menu garesti bezain berezi hori dastatzeko.
Erredakzioa
Abakando urdina, San Pedro arraina, Bresseko oilaskoa, gazta eta, azkenburuko gisa, "omelette" norvegiarra. Guztia Frantziako ardorik onenetako bostekin lagunduta. Horixe da Parisko Le Taillevent jatetxeak eskaintzen duena 1.200 euroren truk: Europako menurik garestiena.
Bi Michelin izar ditu jatetxeak, eta Alain Soliveres chefaren goi mailako sukaldaritza eta Frantziako ardorik onenak batzen ditu. Menu berezi hori urriaren 14tik urtarrilaren 10era arte bakarrik dastatu daiteke, eta hamar pertsonako bost mahai soilik eskaini ditu jantoki frantziarrak.
Bi jadanik bete dira eta beste bik erreserba egina dute, beraz, mahai bakarra gelditzen da libre, Jean-Marie Ancher jatetxeko zuzendariaren arabera. Horren prezio garestia izatea zerbitzatzen diren ardoak "bikainak eta munduko garestienetakoak" direlako dela azaldu du Ancherrek.
Ardoen nagusitasuna Le Tailleventen tradizioetako bat da. 3.000 erreferentzia baino gehiagoko upeltegiak ditu, eta 1946an sortu zenetik, janariaren eta edariaren arteko konbinaziorik onenak bilatzen ditu.
Abakando urdina 'a la cardinale' erara gainerreta da menu berezi horren lehen platera. Erreketa berezi horri esker, oskola gorria izaten da, kardinalen janzkerak bezala. Trufa beltzak eta sabayon (ardoarekin aromatizatutako arrautza-esnea) zerbitzatzen dira abakandoarekin batera, eta 2005eko Châteu Grillet ardo gaztea da horri dagokion edaria. Izendapen berezia du, lau hektarea baino ez dituen hegoaldeko lursail batean ekoizten baita edari hori.
Bigarrengoz, algekin bildutako San Pedro arraina dastatu dezake bezeroak, patatekin, berberetxoekin eta muskuiluekin, ardo zuriarekin eta itsaskiekin egindako saltsa batekin bustita. Plater horrekin batera, 2004. urteko Serranteko Savennières-Coulée ardoa edan daiteke.
Hirugarren platera trufekin eta foie grasekin sukaldatutako oilaskoa da, 2002. urteko Montrachet izendapendun Marquis de Laguiche ardoarekin batera.
Tradizio frantsesa jarraituz, postrea baino lehen gazta zerbitzatzen da Le Tailleventen. 36 hilabeteko Comte gaztarekin batera, 2005. urteko Château-Chalon ardoa eskaintzen du jatetxeak.
Menuari amaiera emateko, bertan flanbeatzen duten Norvegiako "omelettea" dasta dezake bezeroak, mango sorbetearen eta merengearen zaporea duena. 2003ko Château d'Yquem ardoak laguntzen du azkenburukoa.
Produkzio baxua duten mahastietako ardoak dira zerbitzatzen diren guztiak; hori dela eta, menu horren prezioa ohikoa baino hamar aldiz garestiagoa da. Normalean, edaria barne, 102 euroko jatorduak eskaintzen ditu Le Taillevent jatetxe paristarrak.