Bitxikeriak -
Ehun emakume
Michelle Obama munduko emakume boteretsuena, 'Forbes'en ustez
AEBetako lehen damarekin batera, aldizkari ospetsuak egindako zerrendaren lehen postuetan Oprah Winfrey, Angela Merkel, Hillary Clinton eta Lady Gaga ere badaude.
Erredakzioa
Michelle Obama Ameriketako Estatu Batuetako lehen damak lortu du Forbes aldizkari ospetsuak urtero prestatzen duen munduko ehun emakume boteretsuenen zerrendako lehen postua. Oprah Winfrey, Angela Merkel, Hillary Clinton eta Lady Gaga ere lehen hamar postuen artean kokatu dira.
Barack Obama presidentearen emazteak estatubatuarren artean duen ospeagatik, haurren loditasuna txikitzeko egin duen esfortzuagatik eta "Harvardeko diploma eta Chicagoko kaleetako giroa uztartu dituen Jackie Kennedy berria bilakatzeagatik" lortu du lehen postu hori.
Munduko bigarren emakume boteretsuena Irene Rosenfeld estatubatuarra da, Kraft Foods elikagai taldeko kontseilari delegatua. Eta atzetik, Oprah Winfrey aurkezle estatubatuarra, Angela Merkel kantziler alemaniarra eta Hillary Clinton AEBetako Estatuko idazkaria daude.
Lehen dama eta politikarien artean, bi abeslari estatubatuar iritsi dira zerrendako gorenera: Lady Gaga (7) eta Beyonce Knowles (9). Haien ostean, hamargarrenean, Ellen DeGeneres aurkezlea dago.
Zerrendak politika alorreko, negozioetako, komunikabideetako, zinemako, kiroleko eta modako pertsonaiak bildu ditu. Forbes aldizkariaren zerrendako emakume gehienek 40 urte baino gehiago dituzte.