Bitxikeriak
AEB
'Archer' AEBko telesailean euskaraz mintzo dira
Eider Garaikoetxea | EITB.EUS
Animaziozko telesailaren bederatzigarren denboraldian, euskarazko hitzak erabiltzen dituzten tribu bateko kideak entzun daitezke.
-
Mua-mua tribuko emakumea (eskuinean). Youtubeko bideo batetik ateratako argazkia
Demagun atzerriko zure telesail gogokoena ikusten ari zarela, eta bat-batean, euskarazko hitzak entzuten dituzula pertsonaien ahotik. Harrigarria, ezta? Bada, horixe bera gertatu zaie 'Archer' AEBko telesailaren jarraitzaileei. FX Network kate estatubatuarrak egin du "kultuzko" bihurtu den animaziozko telesaila (Espainiako Estatuan Movistar Plusen dago ikusgai), eta bederatzigarren denboraldian, gure hizkuntzari keinu egin dio.
"Euskal hiztunak" Sterling Archer protagonistak eta bere taldekideek Arriskuaren Uhartean topatzen dituzten Mua-mua tribuko kideak dira. Berba solteak esaten dituzte, baina testuinguruan dute zentzua.
Garikoitz Martinez erabiltzaileak udan eman zuen aurkikuntza bitxiaren berri, eta bere blogean Mua-muatarrek erabilitako euskal hitzak bildu zituen. Bederatzigarren denboraldiko seigarren eta zazpigarren atalean, "lagundu", "laguna" edo "zakila" entzun daitezke, besteak beste.
Martinezek berak Youtubera igotako bideo honetan, adibidez, tribuko emakume batek "lagundu, lagundu" esaten duela entzun daiteke argi asko (14-15 segundoetan):
Bada gehiago. Nicolas Bernier erabiltzaile quebectar euskaldunak beste zati hau harrapatu du. Bideoan "zakila gizona" aditu daiteke, pertsonaietako batek daraman gerripekoari buruz hitz egitean:
Telebista ari nintzen begiratzen eta bapatean "zakila gizona" entzun dut programa batean. Eta badirudi Archer programan Mua-mua tribuko kideek euskaraz hitz egiten dutela pic.twitter.com/kP4n30KVSh
— Nicolas (@NicolasBernierD) 19 de octubre de 2018
Erabiltzaileok atzeman ahal izan dutenez, "zure laguna" berbak darabiltzate tribu horretako kideek laguntasuna adierazteko, eta inoren lan ona eskertzeko "ona, gudari" botatzen dute. Beste bideo honetan, nazien kontrako borroka batean murgilduta daude protagonistak eta Mua-mua tribuko kideak. Halako batean, "Atzera, atzera, batu baruka" oihukatzen du buruzagietako batek kideei alde egiteko aginduz. Geroago, "prest egon zaitezte" adierazteko "kokatu" erabiltzen du.
Beste zati batean... Nazien kontra borrokatzen ari dira eta entzuten da "Atzera, atzera, batu baruka.... kokatu!" pic.twitter.com/fswetEFcgr
— Nicolas (@NicolasBernierD) 19 de octubre de 2018
Aurretik ere entzun izan dugu euskara AEBko telesail eta pelikuletan. Bitxikeri andanarekin telebista programa osatu zuen Felix Linaresek "Los vascos conquistan Hollywood" goiburupean. Baina bertan bildutakoek 'Archer' telesaileko tribuko kideek baino euskara kaskarragoa zerabilten, inondik inora.