Bitxikeriak -
Hiru urteren ostean
Zertan dabil ‘munduko lanpostu onena' zuen pertsona?
Haren lana hondartzara joatea, bidaiak egitea eta uharte xarmagarri batean bizitzea zen, baina "astuna" iruditu zitzaion.
Erredakzioa
Duela hiru urte, Ben Southall britainiarrak (34 urte zituen orduan) "munduko lanpostu onena" irabazi zuen, 35.000 hautagairen baino gehiagoren artean. Zereginak, honakoak: sei hilabetez hondartzara joan, bidaiak eta txangoak egin, festetan parte hartu eta uharte xarmagarri batean bizi, 110.000 dolarreko (83.000 euro) soldatarekin. Trukean, dena Internet bidez kontatu behar zuen.
Hiru urteren ostean, esperientzia esperotakoa baino gogorragoa izan zela azaldu du Southallek: "Lan handia egin nuen; izena 'munduko lan astunena' izan behar zen".
Lanpostuak publizitate trikimailua zirudien arren, Southallek esan du serio hartu zuela. "Esfortzu handia egin nuen, lan etika zorrotza baitaukat. 150.000 pertsona ari dira lanean Queenslandeko turismoaren sektorean, eta, beraz, haiekin sentitzen nuen erantzukizuna eta presioa oso handia ziren", zehaztu du, BBCn egindako elkarrizketan.
"Egunero, esperientziak berriak ziren: eski egitea, bost izarreko hoteletan lo egitea, urpean igeri egitea... Eta ondoren horri buruz idatzi". Dena dela, arrisku uneak ere izan ditu. Behin, adibidez, marmoka irukandji batek ziztatu zuen. Animalia horren pozoia hilgarria izan liteke.
Lana "astuna" iruditu bazaio ere, Southallek argi utzi du esperientzia "positiboa" izan dela. Gaur egun, estatu horren "turismo enbaxadorea" da.
.