Bitxikeriak -
'Game of thrones' telesailean
HBOk barkamena eskatu du Bushen buru ebakia erabiltzeagatik
Telesailaren sortzaileek adierazi dute ez zela euren asmoa Bush iraintzea, eta errepublikanoen kritikak jaso ostean, barkamena eskatu dute.
Erredakzioa
AEBetako Alderdi Errepublikanoa haserre bizian jarri da George Bush presidente ohiaren burua moztuta eta hesola batean sartuta ikusi zutenean, "Game of thrones" telesaileko lehenengo denboraldiko kapitulu batean.
Polemika horren ostean, David Benioffek eta D. B. Weissek, telesailaren sortzaileek, buru-protesiak presidente ohiaren antza zuela konturatu zirela onartu dute, eta barkamena eskatu dute: “Protesi asko erabiltzen ditugu telesailean; buruak, besoak, etab. Ezin ditugu guztiak zerotik hasi, batez ere asko behar ditugun eszenetan; hori dela eta, alokatu egiten ditugu”. Sortzaileen esanetan, baina, euren asmoa ez zen izan Bush iraintzea.
Bestalde, HBOk ere barkamena eskatu du gertatutakoagatik. “Benetan atsekabetuta gaude George Bush presidente ohiaren burua “Game of thrones”-en ikusi ondoren. Gure ustez, onartezina, errespetugabea eta oso gustu txarrekoa da”, adierazi dute enpresakoek. “Ezabatu egingo dugu argitaratuko diren hurrengo DVDetatik”.