Bitxikeriak -
Ekimen originala
'Discriminis vectigal' edo arrisku saria: albisteak, latineraz ere bai
Malagako irrati batek albistegia latineraz emititzen du. Bertan, 'pediludium' (futbola) edo 'discrimen oeconomicum' (krisi ekonomikoa) gaiak dituzte mintzagai.
Erredakzioa
Malagako tokiko irrati batek latina berreskuratzea du helburu, eta hortik abiatuta, astero ordu erdiko albistegia latineraz emititzen hasi da. Horrela, 'discriminis vectigal' (arrisku saria), 'pediludium' (futbola) edo 'discrimen oeconomicum' (krisi ekonomikoa) bezalako auziak dituzte bertan mintzagai.
Ekimen bitxi honi esker, 'BEZaren igoera' ('fiscalis pretii additamenti ascensio') edo 'supermerkatu batean lapurreta egitea' ('impetum in multigenerem tabernam facere') latineraz nola esaten den ikasteko aukera izango dute entzuleek.
"Egunero ari gara latina erabiltzen. Oraintxe bertan 'catena' (kate) bati lotuta dagoen 'mensa' (mahai) baten ondoan eserita nago, sorbaldan daukat 'solis' (eguzkia)", azaldu du Antonio Arquillo kazetaria eta ekimen honen sustatzaileak.
Zentzu berean mintzatu da Cristobal Macias Malagako Unibertsitateko Filologia Latineko Saileko zuzendaria. Honen esanetan, astero aktualitateko berri nagusiak latinera itzultzeak "erronka bat" suposatu du, "mundu klasikoan existitzen ez ziren hitzekin azaldu behar ditugulako egungo gaiak". Proposamenak emaitza onak eman ohi ditu, "arinago ikasten delako". "Latina irakasteko bide aproposa dela erakusten du ekimen honek", nabarmendu du irakasle honek.
Albistegi bitxi hau irratian eta Interneteko Ivoox plataforman dago entzungai.