Bitxikeriak -
Tumore onbera
14 kiloko tumore bat kendu diote obulutegitik gaixo bati, Alemanian
Medikuek obulutegian beste organo batzuk zapaltzen zituen tumore erraldoi bat zuela ikusi zuten.
Erredakzioa
Koloniako ospitaleko medikuek (Alemania mendebaldean) 14,3 kiloko tumore onbera bat kendu zioten gaixo bati lehengo astean. Obulutegian zuen tumorea eta 60 zentimetrokoa zen, ospitaleak ohar batean adierazi duenez.
Ebakuntzak hiru ordu iraun zuen eta ez zuen aparteko zailtasunik izan. Gainera, gaixoa azkar sendatzen ari dela adierazi dute medikuek.
Orain urte eta erdi, emakumeak gehiago pisatzen zuela eta sabelaldea handitua zuela nabaritu zuen, baina ez zuen minik sentitzen. Medikuek azterketa egin ostean, tumore erraldoi bat zuela ikusi zuten. Gainera, beste organo batzuk zapaltzen zituen.
"Oso pozik nago ebakuntza ongi atera delako, gainera, pisu handia kendu dut gainetik, zentzu guztietan", adierazi du gaixoak.