Bitxikeriak -
Alemanian
Larrugorrian, irakasleei soldata ordaindu ahal izateko
Berlineko unibertsitate bateko ikasleek egindako egutegia azaroan izango da salgai, 49,90 euroko prezioan.
Erredakzioa
Berlineko Humboldt Unibertsitateko Kirol Fakultateko ikasleak larrugorrian jarri dira egutegi bat egiteko. Egutegia salduta lortutako diruarekin irakasleen soldata ordainduko dute.
Karo Kaiser ikasleak Bild egunkari alemaniarrari esandakoaren arabera, gaur egun, fakultateko ikasleen % 20k bakarrik amaitzen ditu ikasketak aurreikusitako hiru urteko epean. Arazoa, irakasle falta da.
Talde guztiak ikaslez lepo daude, baina ez dago guztiei eskolak emateko irakasle nahikoa. Ondorioz, ikasleek luzaroan itxaron behar dute klaseetan lekua izateko, eta ohikoena da ikasketak 1,5 urte luzatzea.
Horrez gain, eta Unibertsitateak pairatzen dituen murrizketen ondorioz, ikasketen aukera ere murriztu egin da, eta ezin dute kirol ospetsuenetan ere adituak izan.
49,90 euro, egutegi bakoitzagatik
Egutegia salduta lortutako dirua irakasle gehiago kontratatzeko eta kirol arraroenen eskola bereziak antolatzeko erabiliko dute. Egutegia azaroan aterako dute eta ale bakoitza 49,90 euroan salduko da.