Ekonomia -

MARTXOAK 8

Emakume landunen tasa % 48,1ekoa da Euskadin, eta gizonena % 56,8koa

Emakumeek gizonen denbora bikoitza ematen dute janaria prestatzen, garbitzen eta arropak ikuzten. Kontrara, gizonek askoz denbora gehiago igarotzen dute txangoak egiten, paseatzen, kirola egiten eta sarean nabigatzen.

Bi langile. Argazkia: EFE
Bi langile
Bi langile. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Emakume landunen tasa bikoiztu egin da Euskadin azken 40 urteetan. Hain zuzen ere, % 22,1ekoa zen 1985ean, eta % 48,1ekoa zen iaz. Horrenbestez, gizonezkoen okupazio tasara (% 56,8) gerturatzen ari da, baina oraindik badago aldea, Eustat Euskal Estatistika Erakundeak gaur, Emakumeen Nazioarteko Egunaren bezperan, argitaratu dituen datuen arabera.

Orrialde bakarrean eta grafikoak baliatuta, bilakaera hori irudikatzen duten datu esanguratsuenak jaso ditu Eustatek. Horretarako, bederatzi ataletan banatu ditu datuok: biztanleria, etxeko lanak, ordaindutako lana, osasuna, dirua, hezkuntza eta euskara, ohiturak, denboraren erabilera eta genero indarkeria.

Besteak beste, grafiko horietan ikus daiteke azken 20 urteetan nabarmen hazi dela janaria prestatzeaz arduratzen diren gizonen kopurua. 1993an, % 33k soilik aritzen ziren sukalde lanetan, eta 2023an, % 76,6.

Alabaina, ez da aldatu janaria prestatzen duten emakumeen kopurua (% 85,3).

Are gehiago, datu horietan oinarrituta, emakumeek gizonen denbora bikoitza edo gehiago igarotzen dute kozinatzen (egunean 1,04 ordu emakumeak, eta 0,44 gizonak), garbitzen (0,41 ordu eta 0,20 ordu) eta arropak ikuzten (0,16 ordu eta 0,04 ordu).

Kontrara, gizonek askoz denbora gehiago pasatzen dute txangoak egiten eta paseatzen (0,51 ordu eta 0,45 ordu), kirola egiten (0,25 ordu eta 0,13 ordu) eta sarean nabigatzen (0,19 ordu eta 0,13 ordu).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa Emakumeen Nazioarteko Eguna