Fagor -
Krisia Fagorren
Gipuzkoako Aldundia: 'Konkurtsoak ez ditu bide guztiak itxi'
Kutxabankekin izandako bilerak "likidaziorik ez izateko aukera" zabaldu duela azpimarratu du erakunde publikoak. Bideragarritasuna izan dezaketen negozioei "irtenbide" bat bilatzea nahi du Aldundiak.
Erredakzioa
Fagor Etxetresnakek hartzekodunen konkurtsoa aurkezteak "irtenbideak zaildu" ditu, baina "bide guztiak ez ditu itxi", Gipuzkoako Foru Aldundiaren hitzetan. "Irtenbide antolatua" bilatzeko eta kooperatibaren zati batzuk aurrera ateratzeko aukera ikusten du Aldundiak.
Fagor Etxetresnakek hartzekodunen konkurtsoa aurkezteko erabakia hartu du proiektua finantzatzeko laguntza lortzerik izan ez duelako.
Martin Garitano ahaldun nagusiak Mario Fernandez Kutxabankeko presidentearekin aste honetan izandako bilerak eta "beste eragile batzuen mugimenduek likidaziorik ez izateko aukera" zabaldu dutela azpimarratu du erakunde publikoak. Bideragarritasuna izan dezaketen negozioei "irtenbide" bat bilatzea nahi du Aldundiak.
Bideragarritasun plana
Hartzekodunen konkurtsoa aurkeztu arren, bideragarritasun plana bilatzeko aukera "zabalik" dagoela uste du Gipuzkoako Aldundiak.
"Hilabete hauek aprobetxatu behar ditugu, agintari judizialek eta administratzaileek zorrak eta hartzekodunak zehazten dituzten bitartean; bideragarritasun planak lantzeko eta enpresek eta langileek kalte txikiena izateko", erantsi du.
Eragile berriak
Konkurtsoarekin "eragile berriak (epailea eta administratzaileak) azaldu dira", baina "ez du zertan likidazio batean amaitu behar, nahiz eta hasiera batean hori komentatu".
Likidazioa saihesteko lanean ari da Gipuzkoako Aldundia. Beste bideragarritasun egitasmo bat egitea posible den aztertu behar dute, "etorkizuna duten zatiak zehazteko".