Fagor -
Fagor
55 urterekin eta soldataren % 80rekin aurrejubilatuko dira 300 bazkide
Lagun Aro EPSVren asanbladak adostu du aurrejubilazioaren saria hobetuko duela eta enplegua bultzatzeko funtsa finantzatzen duen kuota igoko duela, Fagorreko kaltetuei laguntza emateko.
Fagor Etxetresnaken 300 bat bazkide 55 urterekin eta soldataren % 80rekin aurrejubilatu ahal izango dira, Lagun Aro EPSVren asanbladak adostutako akordioaren ondorioz. Hortaz, aurrejubilazioaren saria hobea izango da eta enplegua bultzatzeko funtsa finantzatzen duen kuota handiagoa izango da, Fagorreko kaltetuei laguntza emateko.
Halaber, asanbladak Kontseilu Errektorearen proposamena onartu du, eta diru-sartzeak sendotuko dituzte, entitateak erregulatutako konpromisoei aurre egin ahal izateko, Horretarako, kooperatiben kuota handiagoa izango da urtarrilaren 1etik aurrera. Jakinarazi dutenez, neurri horren eragina gainerako prestazioen kuotek izango duten doikuntzarekin konpentsatuko dute: urteroko lan-aurrerapenen % 1,5ekoa izango da.
Ezohiko asanblada enpleguaren inguruko gai horietan oinarritu da, enplegua sustatzeko gaietan hain zuzen ere; Fagor Etxetresnaken egungo egoerak eragina du prestazio horretan. Lagun Aro EPSVk zehaztu duenez, egoerak ez du ondoriorik entitatearen pentsio-sisteman: berezko kapitalizazio baten bidez finantzatzen da, eta, hortaz, beste prestazioetan ez du inolako eraginik.
Entitateak nabarmendu du neurri honekin (kooperatibek ere eman dituztenekin bat egiten du, kaltetutako bazkideen birkokatzeko konpromisoarekin, adibidez), kooperazio mugimenduan ohikoak diren solidaritatearen, elkarren arteko kooperazioaren eta arduraren balioak sendotuta geratzen direla.