Fagor -
Krisia Fagorren
Jaurlaritza 335 kaleratzeen 'konplize' bihur daitekeela esan du ELAk
Edesako bazkide talde batek egindako bideragarritasun planari emandako "euro bakoitzarekin" Jaurlaritzak bazkideak ez diren 335 langile horiek "kaleratzen" lagunduko duela adierazi du ELAk.
Erredakzioa
Bideragarritasun plan bat ekonomikoki babestekotan, Jaurlaritza Grumal, Edesa eta Fagor Etxetresnakeko bazkide ez diren 335 langileen kaleratzeen "konplizea" izango dela salatu du ELA sindikatuak.
Izar Larrazabal eta Joseba Villarreal ELAko Industria eta Eraikuntza eta Negoziazio Kolektiboko idazkariek agerraldia egin dute Donostian, Grumal eta Edesako langileen batzordeen ordezkariekin batera.
Edesako bazkide talde batek egindako bideragarritasun planari emandako "euro bakoitzarekin" Jaurlaritzak bazkideak ez diren 335 langile horiek "kaleratzen" lagunduko duela adierazi du Villarrealek. "Bazkideak ez diren langile horiek diskriminatu eta baztertu egin dituzte", gaineratu du.
ELAk jakitera eman dituen datuen arabera, behargin horien gehiengoa, 147, Grumaleko langileak dira (langileen % 100), beste 106 Fagor Etxetresnakekoak dira eta gainerako 82ak, Edesakoak.
Villarrealek salatu duenez, "multinazional zikoitzenenak" ere ez ditu bere langileak "hain txarto tratatzen", eta prozesu honetan Mondragon Taldea eta Fagor Etxetresnak "desagertu" egin direla kritikatu du. "Marra gorri guztiak gainditu ditu Mondragonek", gaineratu du.
Bestalde, MCCk Edesako langile batzuk aurkeztutako bideragarritasun plana aztertzen jarraitzen du, oraindik horri buruzko "behin betiko" jarrera bat hartu gabe.
Korporazioko iturriek azaldu dutenez, langile talde aurkeztutako proposamenaren analisia mantendu du "zorroztasunez eta seriotasunez". Horregatik, Mondragonek "erabakiren bat" duenean jakinaraziko du.