Krisi Ekonomikoa -
Eurostaten datuak
Euroguneko ekonomiaren atzeraldia berretsi dute
2012ko hirugarren hiruhilekoan ekonomia atzeraldian sartu zela berretsi dute Eurostateko datuek.
Erredakzioa
Euroguneko ekonomia atzeraldian sartu zen 2012ko hirugarren hiruhilekoan, azaroko datuek aurreikusi zuten bezalaxe eta gaur bertan Eurostatek berretsi duen moduan.
Europako barne produktu gordina % 0,1 jaitsi zen uztaila eta iraila bitartean, Luxenburgon egoitza duen erakundeak joan den azaroan iragarri eta abenduan berrikusi zituzten datuekin berretsi zuen bezala.
Bigarren hiruhilekoan, apiriletik ekainera, jaitsiera % 0,2koa izan zen. Era honetan, teknikoki atzeraldiaz hitz egin daiteke; izan ere, horretarako bi hiruhilekoz jarraian egin behar du behera adierazle horrek.
Urteko datuak kontuan hartuta, euroguneko barne produktu gordina % 0,6 jaitsi zen hirugarren hiruhilekoan.
Espainiako ekonomiak % 0,3 egin zuen behera 2012ko hirugarren hiruhilekoan, bigarrenean baino hamarren bat gutxiago.
INE Estatistika Institutu Nazionalak datua berretsi zuen abenduan, eta hobekuntza txiki hori kontsumoaren gorakadari egotzi zion, BEZa igo baino lehen erosketak aurreratu zituztelako herritarrek.
2012ko hirugarren hiruhilekoan, Europar Batasuneko 7 herrialde zeuden atzeraldian (oraindik ez daude herrialde guztien datuak eskuragai), horien artean Espainia eta Italia.