Krisi Ekonomikoa -

Enplegu plana

Bizkaiko Aldundiak enplegua sustatuko du Ezkerraldean eta Meatzaldean

1,2 milioi euroko diru funtsa sortu du aldundiak autoenplegua sustatzeko inguru horretako langabetuen artean.

Argazkia: EITB
Argazkia: EITB

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko Foru Aldundiak Ezkerraldean eta Meatzaldean enplegua sustatzeko plana aurkeztu du gaur goizean. Horren arabera, 1,2 milioi euroko diru funtsa sortu du 200 langaberi euren enpresa propioa sortzen laguntzeko. Plan horrekin, lan merkatura sartzeko zailtasunak dituzten pertsonei lana aurkitzen lagundu nahi die, bereziki.

Programaren helburua, parte-hartzaileen % 60k beren enpresa propioa sortzea da, Imanol Pradales Ekonomiaren Promoziorako diputatuak jakinarazi duenez. Agerraldian Foru ordezkariekin batera izan da Idoia Agirre DEMAko zuzendaria.

Ekimenean parte hartzeko bi deialdi egin dituzte: bata, urtarrilean eta, bestea, maiatzean. Parte-hartzaileek autoenplegu tailerrak egingo dituzte, eta negozio plan bat gero. Ikasten duten bitartean 350 euro jasoko dituzte hilero, eta behin enpresa martxan jartzen dutenean 5.000 euroko diru-laguntza jasoko dute.

Deialdi bakoitzean 100 lagun aukeratuko dituzte, eta parte hartzeko eskualdeko herriren batean erroldatuta egon beharko dute.

Diru funtsa DEMA erakundeak kudeatuko du, baina Barakaldo, Sestao, Portugalete, Zierbena, Trapagaran, Ortuella, Abanto eta Muskiz herrietako udalekin lan egingo du herri bakoitzean nola jokatu erabakitzeko eta nortzuk parte hartuko duten erabakitzeko..

Bereziki jota dagoen eskualde horri bultzada eman nahi diote proiektuarekin. Langabeek beren enpresa propioa sortzea izango da helburua, eta lanpostu horiek iraun dezaten, urtebetez DEMA elkarteak aholkularitza lana egingo du haiekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea