Krisi Ekonomikoa -
2013ko aurrekontuak
PSE-EE kezkatuta, Eusko Jaurlaritzak iragarritako murrizketengatik
Idoia Mendiak gobernuaren 'erabateko paralisia' salatu du. Sozialistek alderdiaren aurrekontuak eta zuzendaritza batzordeko kideen ondasunak argitaratuko dituzte laster, webgunean.
Erredakzioa
Idoia Mendia PSE-EEko bozeramaileak esan duenez, sozialistak kezkatuta daude Eusko Jaurlaritzako hainbat sailburuk murrizketak egingo dituztela iragarri dutelako.
Bozeramaile sozialistak Iñigo Urkulluren gobernuaren "erabateko paralisia" salatu du, hain zuzen ere, ekonomia suspertzeko eta enplegua sortzeko "garai garrantzitsua" den honetan.
Bestalde, zerbitzu publikoan eta gizarte politikan Jaurkaritzak iragarri dituen murrizketak gaitzetsi ditu, eta, EAJk dioenaren kontra, murrizketak saihestu daitezkeela esan du. "Hezkuntzan eta osasun alorretan murrizketak egitea eragotzi daitekeela erakutsi dugu. Zerga erreforma egitea eta erakundeen egitura aldatzea ezinbestekoa da, eta lehentasunak zehaztu behar dira", gaineratu du.
Bestalde, laster Legebiltzarrean ekonomiari eta enpleguari buruzko osoko bilkura monografikoa egingo dutela iragarri du.
PSE-EEko aurrekontuen argitalpena
PSE-EEk alderdiaren aurrekontuak eta zuzendaritza batzordea osatzen duten kideen ondarearen gaineko informazioa argitaratuko ditu laster, sozialisten webgunean. Zuzendaritzako kideak jakinaren gainean daude jada, horren esanetan.
Mendiak esan duenez, datozen asteetan erakundeen eta alderdi politikoen jarduna kontrolatzeko lege proposamena aurkeztuko die gainerako alderdiei.