Krisi Ekonomikoa -

Enpleguaren alde

LABek manifestazioak deitu martxoaren 9rako, Iruñean eta Bilbon

Eusko Legebiltzarrean enpleguari buruzko osoko bilkura monografikoa egin eta biharamunean izango dira manifestazioak. Sindikatuak kalera irteteko deia egin die langileei.

Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusia. Argazkia: EiTB
Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusia.
Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusia. Argazkia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

LAB sindikatuak manifestazioak deitu ditu martxoaren 9rako Bilbon eta Iruñean, enpleguaren alde eta lan erreformaren kontra. Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak mobilizazioetan parte hartzeko deia egin die langileei. Eusko Legebiltzarrak enpleguari buruzko osoko bilkura monografikoa egin eta biharamunean izango dira manifestazioak.

Bilboko manifestazioa 17:30ean aterako da Jesusen Bihotza plazatik, eta Iruñekoa ordu erdi geroago hasiko da, 18:00ean, autobus geltokitik abiatuta, biak ere, "Enplegua borrokatu. Denok kalera" lelopean.

Ainhoa Etxaide Asier Imaz industria federazioko LABeko idazkariarekin batera agertu da gaur. Etxaidek salatu duenez, langabezia inoiz ezagutu gabeko mailara heltzen ari da, eta "2013an enpleguaren suntsitzea hazi egingo da".

Bankuetako buruak kritikatu ditu Ainhoa Etxaidek, 2013ko bigarren seihilekoan krisi ekonomikoari buelta emango zaiola adierazi dutelako. LABen esanetan, "ez dago hori horrela izango dela erakusten duen adierazlerik". "Ez dute inolako arrazoirik eman, orain arteko berdina eginda, egoerak buelta emango duela pentsatzeko", gaineratu du.

Etxaidek lan erreforma ikusten du enpleguen galeraren atzean. "Enplegua sortzea da krisi ekonomikotik ateratzeko bidea, eta horretarako hainbat neurri har daitezke: lanaldia luzatzeari uztea, irabaziak dituzten enpresei langileak kaleratzea eragoztea edota erretiro adina aurreratzea", gaineratu du.

Bestalde, lan harremanei buruzko eredu propioa egiteko eskatu dio EAJri.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea