Krisi Ekonomikoa -

Langabezia salatzeko

Greba orokorrak jarraipen ezberdina izan du Sakanan

LAB, EHNE, ESK eta Stee-Eilas sindikatuek Iruñeko kaleak zeharkatu dituzte langabe kopurua ia hirukoiztu egin dela salatzeko eta eskualdearen berpizkundea ahalbidetuko duten neurriak eskatzeko.

Gamesako langileen protesta, Iruñean. Argazkia: EITB
Gamesako langileen protesta, Iruñean.
Greba orokorra, Sakanan

1:08

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Sakanan greba orokorra deitu du gaur 'Sakanan bizi eta lan' plataformak, krisi ekonomikoak bereziki astindu duen eskualdearen egoera salatzeko; izan ere, 2008az geroztik ia hirukoiztu egin da langabe kopurua.Gaizka Uharteko LABeko eskualdeko arduradunak adierazi duenez, greba "arrakastatsua" izan da, nahiz eta, jarraipena oso ezberdina izan den.

Sakana ez da ixten, UPN etorkizuna lapurtzen lelopean, manifestazioa egin dute Iruñeko kaleetan LAB, EHNE, ESK eta STEE-EILAS sindikatuek deituta. Bildu, Aralar, Geroa Bai, Izquierda-Ezkerra eta PSN alderdietako hautetsiek ere parte hartu dute manifestazioan. Antoniuttiko lorategietatik abiatu dira eta erdiguneko kaleak zeharkatu dituzte, enpresen itxieraren kontrako eta enpleguaren aldeko mezuak oihukatuz.

Iruñeko manifestazioarekin Sakana eskualdearen aldarrikapenak "gai garrantzitsu" izatea lortu dute Gaizka Uharte LABeko ordezkariaren arabera. Arratsaldean, beste manifestazio bat egingo dute Altsasuan.

Grebaren jarraipena "ezberdina" izan da LABen arabera. Grebak erabateko jarraipena izan du merkataritzan eta %75ekoa irakaskuntzan. Industrian bestalde, ia erabatekoa izan da Altsasun (%80 eta %90 artean) eta %20 eta %30 artekoa Irurtzunen.

LABen iritziz, gainerakoan greba egunean normaltasuna izan da nagusi, nahiz eta "Foruzaingoaren presentzia estresagarria izan den". "Egun guztian gainean izan ditugu eta piketeren batean tentsio uneak bizi izan badira ere, ez da nabarmentzeko gertaerarik izan", gaineratu du.

Sakanako egoera

Gaur egun, 1.900 lagun baino gehiago daude Sakanan lan egin nahi baina lanik topatzen ez dutenak. Egoeraren larria ikusita, 2011. urtean krisi mahaia sortu zuten sindikatu, alderdi, enpresari elkarte eta eragile desberdinek. Krisi mahaitik atera ziren puntuen artean daude, bestea beste, garapenerako plan estrategikoa egitea, Sakanako Garapen Agentzia sortzea, eta Sakana Berrindustrializatzeko zonalde izendatu dezan dei egitea Nafarroako Gobernuari. Beren eskariek erantzunik izan ez dutela argudiatuta, gaurko greba orokorra deitu dute hainbat sindikatu eta gizarte taldek.

Bailarak bizi duen egoera ekonomiko zaila salatu eta UPNren Gobernuari neurriak eskatuko dizkiote, Foru gobernuak inguru hori ahaztuta daukala uste baitute.

2008an krisia hasi zenean, eskualdeak 708 langabetu zituen, orain aldiz, ia 2.000 dira lan bila dabiltzanak. Horren aurrean, bestelako eredu sozio-ekonomikoa eskatzen dute.

Gamesa, Inasa, Sunsundegi... asko dira eskualdean garai zailak bizi dituzten enpresak, batzuk jada itxita daude, eta beste batzuk berriz, hilzorian.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea