Krisi Ekonomikoa -

Gizarte Goi-Bilerak deituta

Langabeziak eta ustelkeriak demokrazia ahultzen dutela ohartarazi dute

Langabeziaren kontra protesta egiteko 300.000 lagun inguru atera dira kalera Espainiako 60 hiritan, Gizarte Goi-Bilerako 150 taldek eta UGT eta CCOO sindikatuek deituta.

Gizarte Goi-Bileraren manifestazioa, Madrilen. EFE
Gizarte Goi-Bileraren manifestazioa, Madrilen. EFE
Murrizketak salatzeko manifestazioak egin dituzte Estatuko 50 hiritan

2:13

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Langabeziaren kontra egiteko kalera atera dira herritarrak Espainia osoan. Gizarte Goi-Bilerako 150 taldek eta UGT eta CCOO sindikatuek deituta, murrizketen eta langabeziaren aurka eta zerbitzu publikoen alde egin dute. Guztira, 300.000 lagun inguru atera dira Espainia osoko 60 manifestazio eta elkarretaratzetan.

Mobilizazioak Gobernuaren aurkako iritzia adierazteko eta enplegua eta demokrazia sustatzea eskatzeko aukera ezin hobeak direla esan dute Ignacio Fernandez Toxo CCOOko idazkari orokorrak, Candido Mendez UGTkoak eta Julio Salazar USOkoak.

Toxoren iritziz, Europar Batasuna doitasun politikak eustearekin "tematuta" dago "nahiz eta argi geratu den enpleguarentzat eta gizartearentzat suizidioa direla".

Gaurkoa, Gobernuaren politikaren aurkako "adierazpen argia" izan behar duela esan du Candido Mendezek, herritarren % 27 pobreziaren mugan egotea ekarri duelako.

Europako Sindikatuen Batzarraren ekimenarekin bat egiten dute protesta hauek; izan ere, hilaren 13rako eta 14rako mobilizazioak deitu dituzte Europar Batasunean, Europar Batzarraren bilera aprobetxatuta, Bruselan bat egiteko.

"Langabeziaren aurka sei milioi arrazoi" lelopean eta "egiazko demokrazia sozial eta parte hartzailearen alde", manifestariek langabeziaren eta laguntzarik gabeko langabeen egoeraren aurka protesta egin dute. Halaber, zerbitzu publikoen, besteak beste, hezkuntzaren, osasunaren eta ikerketaren murrizketen aurka ere egin dute.

Madrilen 50.000 lagun bildu dira antolatzaileen arabera. Bartzelonan, ordea, 60.000 antolatzaileen arabera eta 20.000 Poliziak esan duenez.

Mobilizazioen helburua Europako eta Espainiako politika ekonomikoaren "erabateko aldaketa" eskatzea da, 2012an martxan jarritako neurriek "porrot" egin dutela eta arazoak areagotu dituztela iritzita.

Protesta Iruñean

Iruñean, 3.000 lagun inguru atera dira protestara antolakuntzako bozeramaileen arabera, eta 1.000 Udaltzainen arabera.

Hamaika pankarta ikusi dira manifestazioan, besteak beste "Enplegu publikoaren eta ongizatearen estatuaren alde", "Lan istripuak, nahikoa da!", "Pentsioen murrizketarik ez" eta lan erreformaren aurkakoak izan dira nagusi.

Halaber, Yolanda Barcina Nafarroako presidentearen aurkako kartelak ikusi dira, Nafarroako Kutxatik jasotako dieten harira, baita Mariano Rajoyren, Ana Matoren, Iñaki Urdangarinen eta Luis Barcenasen aurkakoak ere.

Tuteran ere Gizarte Goi-Bilerak deituta manifestazioa egin dute eta 1.300 lagun bildu dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea