Krisi Ekonomikoa -
Lan-gatazka
Iberiako bitartekariaren proposamenari buruzko erabakia, asteazkenean
Sindikatuek denbora gehiago eskatu dute afiliatuei galdetu ahal izateko. Espainiako Gobernuak lehenbailehen akordioa ixteko deia egin du.
Erredakzioa
Datorren asteazkenean hartuko dute sindikatuek Iberiako lan-gatazkan sartu zen bitartekariaren proposamenaren inguruko iritzia; izan ere, gaur erabaki behar zuten, baina denbora gehiago eskatu dute afiliatuei galdetu ahal izateko.
Bestalde, Iberiak dagoeneko iragarri du Gregorio Tudela bitartekariaren txostena onartzen duela, IAGk ere proposamenarekin bat egiten zuela iragarri ostean.
Sindikatu nagusiek asteazkenean bertan onar dezakete proposamena eta lanuzteak bertan behera geratuko lirateke. Sepla pilotuen sindikatuak, berriz, hamabost egun behar ditu afiliatuen asanbladak deitzeko.
Sustapen Ministerioak proposatutako bitartekaria baikor agertu da asteazkeneko bilerari begira, eta babes zabala jasotzea espero du.
Espainiako Gobernua
Ana Pastor Espainiako Sustapen ministroak espero du gaur bertan itxi dezaketela akordioa Iberiak eta sindikatuek, atzo IAGk, Espainiako hegazkin konpainia eta Britsh Airways barne hartzen dituenak, bitartekarien proposamena onartu ostean.
"Azkenean akordioa izango dela espero dut; izan ere, hegazkinen sektorea eta Iberia bereziki oso garrantzitsuak dira gure herriaren etorkizunarentzat, eta langileen etorkizunarentzat lehenik, baina baita gure aireportuen eta Espainiako turismoaren etorkizunarentzat ere", azpimarratu du ministroak Europar Batasunaren Garraio ministroen bileraren aurretik.
"Ea elkar ulertzen duten bitartekariak mahai gainean jarri duen proposamenarekin, eta ea norabide berdinean lanean hasten diren", adierazi du ministroak.
Sindikatuek Gregorio Tudela bitartekariaren proposamenari emango dioten erantzunaren arabera izango da akordioa, zeren International Airlines Groupek (IAG) atzo iragarri zuen onartzen zuela.
Gaur, Iberiak eta sindikatuek bilera egingo dute, eta badirudi bertan lotuko dutela akordioa, edo behintzat bertan emango dutela proposamenaren inguruko iritzia.
Bitartekariaren proposamenak 3.807tik 3.147ra murrizten du kaleratze kopurua, eta 2001tik indarrean den erregulazio espedientea luzatzea galdegiten du.