Krisi Ekonomikoa -
1.200 milioi gutxiago
Jaurlaritzak 2013ko Aurrekontuen egitasmoa onartuko du bihar
Jakina da iaz baino 1.200 milioi gutxiago izango dituela eta gastu-muga 9.200 milioi eurokoa izango dela. Jaurlaritzaren sail ezberdinetan %11ko murrizketa egingo du Urkulluren Gobernuak.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak bihar onartuko du 2013. urteko Aurrekontuen egitasmoa. Jakina da iaz baino 1.200 milioi gutxiago izango dituela eta gastu-muga 9.200 milioi eurokoa izango dela. Jaurlaritzaren sail ezberdinetan %11ko murrizketa egingo du Urkulluren Gobernuak.
1.200 milioi euroko murrizketa horren ondorioz, Jaurlaritzak zail izango du Legebiltzarreko taldeen babesa lortzea. Ricardo Gatzagaetxebarria Ogasun eta Finantza sailburuak bilera-sorta bat egin zuen Legebiltzarreko talde guztiekin, Aurrekontuei buruz hitz egiteko, baina ez zuen babesik lortu.
Bilera-sorta horren berri emateko, Iñigo Urkulluk agerraldia egin zuen, eta alderdiei eta sindikatuei "muturreko jarrerak baztertzeko" eskatu zien. Jaurlaritzak 2012ko Aurrekontuak luzatzea baztertu du, formula horrek ez lukeelako egungo egoera ekonomikoa kontutan hartuko.
Taldeek ez dute oraindik euren botoa zein izango den argitu, ezta osoko emendakinak aurkeztuko dituzten ere. Gaur, Iñaki Arriola Gipuzkoako PSE-EEko idazkari orokorrak aurreratu duenez, "litekeena" da sozialistek osoko emendakina aurkeztea. Hala ere, Joseba Egibar jeltzaleak esan du ez duela uste alderdiek Aurrekontuen aurka egingo dutenik.
EH Bildu koalizioa ere Aurrekontuei buruz mintzatu da Legebiltzarrean. Krisi ekonomikoari aurre egiteko larrialdi plana aurkeztu dute, eta Marian Beitialarrangoitia legebiltzarkideak onartu "orain arte entzundakoak kezkatuta utzi gaituela". Hale ere, egitasmoa ezagutu aurretik iritzirik ez dutela emango azpimarratu du EH Bilduk.
Ostiralean, Eusko Jaurlaritzarekin Aurrekontuak hitzartzeko prest azaldu zen PP, Antonio Basagoiti Euskadiko PPko presidentearen esanetan, krisi ekonomikoa gainditzeko "ezinbesteko" tresna delako. "Aurrekontuak izatea nahi dut Euskadirako premiazkoak direlako", esan du, "PPk lagundu nahi du, Gobernuak egiten duenak gustatzen ez bazaigu ere".
Horrez gain, gaur bertan Javier Maroto Gasteizko alkatea Urkullu lehendakariarekin bildu da. EAEko hiriburuak bost milioi euro jasoko ditu urtero legegintzaldi osoan, "erakundeen egoitzen kanon gisa". Akordio horrek Gasteiz "egoera berri batean" jartzen duela azaldu du Marotok eta Jaurlaritzak "Gasteizekiko duen inflexio-puntua" dela esan du.