Krisi Ekonomikoa -
Akziodunen batzarra Bilbon
BBVAren presidenteak txalotu egin ditu Rajoyren erreformak
Francisco Gonzalezen arabera, Espainia aurten aterako da atzeralditik eta enplegua sortuko du 2014an, erreformei esker eta defizit publikoaren gorakada "jasanezina" gelditu dutelako.
Erredakzioa
Francisco Gonzalez BBVAren presidenteak iragarri du Espainia atzeralditik aterako dela aurten eta 2014tik aurrera enplegua sortuko duela, Gobernuak egindako erreformei esker eta aurreko Gobernuak abiatutako defizit publikoaren gorakada "jasanezina" gelditu dutelako.
"Lehiakortasuna berreskuratu dugu eta gure esportazioak indartsu ari dira hazten", gogorarazi du BBVAren buruak Bilbon egiten ari diren akziodunen batzarrean.
"Urte txarra izan da denontzat" esaldiarekin hasi du hitzaldia Gonzalezek, baina baikor agertu da; izan ere, 2013a mugarri izan dela eta Espainia egonkortasun eta hazkunde fase baterantz abiatu dela uste du.
"Krisitik ateratzeko oinarriak jartzen ari gara behingoz", eta aurrerapauso batzuk oraindik hazkundean eta enpleguan atzematen ez badira ere, berehala egingo dutela azpimarratu du.
Gonzalezen aurreikuspenen arabera, Espainia hazten hasiko da urte amaieran eta 2014 hasieran enplegua sortuko du, baina "asko geratzen da egiteko", nahiz eta "Gobernuak erreformak egiteko bidea abiatu eta doikuntza zorrotza egin".