Krisi Ekonomikoa -

Osoko-bilkura

Legebiltzarrak sektore publikoa murrizteko plana eskatu du

EH Bildu izan da uda aurretik EAEko sektore publikoaren egiturak eta gastuak murrizteko plan bat egitearen kontra agertu den bakarra.

Legebiltzarrak sektore publikoa murrizteko plana eskatu du. Argazkia: EiTB
Legebiltzarrak sektore publikoa murrizteko plana eskatu du.
Legebiltzarrak sektore publikoa murrizteko plana eskatu du. Argazkia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarrak EAEko sektore publikoaren egitura eta gastuak murrizteko plan bat uda aurretik aurkeztea eskatu dio Eusko Jaurlaritzari.

Hasiera batean PSE-EEren ekimen bat zen bozkatu behar zutena, baina azkenean sozialistek testu bat adostu dute EAJrekin eta UPyDrekin, eta PPk ere babesa eman dio. EH Bildu izan da neurriaren kontra agertu den bakarra.

Legebiltzarrak onartutako testu horretan, sektore publikoaren azterketa bat eskatzen da, "egitura, gastuak eta erakunde kopurua murrizteko, neurri egokiena bilatzeko" eta administrazio "eraginkorragoa, modernoagoa eta gardenagoa" edukitzeko.

Gainera, aldundiei eta udalei helburu horrekin bat egiteko eta parte hartzen duten erakunde, elkarte eta fundazioetan estrategia bera izateko eskatu diete.

Jose Antonio Pastor PSE-EEren Legebiltzarreko bozeramaileak adierazi duenez, haien asmoa ez da zerbitzu publikoak edo enpresak pribatizatzea, "zerbait egiten duten ere" ez dakien elkarte eta erakundeak desagertzea baizik.

Aurreko jaurlaritza jeltzaleei leporatu die oraindik bizirik dirauten "erakunde, elkarte eta enpresa galaxien arduradun nagusiak" izatea.

Ana Otaduik (EAJ) gogorarazi duenez, Urkulluren Jaurlaritza dagoeneko hasi da lan horretan, eta goi-kargudunen kopurua % 20 murriztu du. Era berean, plan horren helburua oinarrizko zerbitzuei eta enplegu publikoei eustea dela azpimarratu du.

Arantza Quirogak (PP) koherentzia eskatu die alderdi politikoei, Jaurlaritzak neurri "zailak" proposatzen dituenerako.

Gorka Maneirok (UPyD) proposamena txalotu du, eta norabide onean beste pauso bat gehiago dela esan du.

Kontra bozkatu duen bakarra EH Bildu izan da. Arri Zulaika legebiltzarkideak azaldu duenez, Jaurlaritzaren plana kalitatezko zerbitzua eta justizia soziala bermatzera bideratu behar da, eta errefusatu egin du "zerbitzu publikoak mehetzeko tentazioa".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea