Krisi Ekonomikoa -
Hainbat neurri, 'legez kanpo'
Portugalek 1.300 milioi euro gutxiago sartuko ditu epaiaren ondorioz
Portugalgo lehen ministroak agerraldi publikoa egingo du gaur arratsaldean Auzitegi Konstituzionalaren ebazpena herritarrei azaltzeko.
Erredakzioa
Portugalgo Finantza Ministerioak azaldu duenez, diru-kutxa publikoek 1.300 milioi euro gutxiago izango dituzte aurten, Auzitegi Konstituzionalak Gobernuak ezarritako hainbat neurri legez kanpo jo ostean (tartean, langile publikoen eta erretirodunen aparteko soldataren murrizketa).
Konstituzionalaren epaiaren harira, Pedro Passos Coelho Portugalgo lehen ministroak agerraldi publikoa egingo du gaur arratsaldean ebazpen judizialaren ondorioak herritarrei azaltzeko. Agerraldia 18:30ean izango da (17:30ean Espainiako orduan) Sao Bento Jauregian, Lisboan, tokiko komunikabideek jakinarazi dutenez.
Gobernuari babesa
Bestalde, Anibal Cavaco Silva Portugalgo presidenteak egungo Gobernuaren jarraipenaren alde egin du, Coelho babestuz. Ohar batean esan duenez, "Gobernuak agintaldiari eusteko baldintzak betetzen ditu", era honetan, Gobernuan krisia sortzea saihestu du.
Halaber, Ministro Kontseiluko kideekin hiru orduz baino gehiago bilduta egon ostean, Luis Marques Guedes Estatuko idazkariak agerraldia egin du larunbat honetan galderarik gabeko prentsaurrekoan. Bertan esan duenez, Gobernuak "Konstituzionalaren epaia onartuko du ados egon ez arren, baina ondorio negatiboak izango ditu".