Krisi Ekonomikoa -
Adierazpena
Konstituzionalari murrizketa gehiagorekin erantzun dio Coelhok
Buruzagi kontserbadoreak zergak igotzea errefusatu du, baina Osasun arloan, Gizarte-segurantzan eta enpresa publikoen gastuetan murrizketak egongo direla iragarri du.
Erredakzioa
Pedro Passos Coelho Portugaleko lehen ministroak iragarri du gastuan murrizketa berriak egingo dituela eta herrialdearen bigarren erreskate bat ekiditeko "ahal duen guztia" egingo duela gaineratu du.
Pedro Passos Coelho Portugaleko lehen ministroa herrialdeari mintzatu zaio telebista bidez emandako adierazpenean. Zergak igotzea errefusatu du buruzagi kontserbadoreak, baina Osasun arloan, gizarte-segurantzan eta enpresa publikoen gastuetan murrizketak egongo direla iragarri du.
Halaber, Auzitegi Konstituzionalari herrialdearen finantza errekuperazioa arriskuan jartzea egotzi dio.
Passos Coelhoren arabera, Konstituzionalaren erabakiarekin ezin izango dute hiru hilez behingo zazpigarren diru-laguntza jaso (2.000 milioi euro), lehengo hilabetean egindako ebaluazioa amaituta ez dagoelako eta berriro troikarekin hitz egin beharko delako.
Murrizketa berriak
Lehen ministroak esan duenez, Portugal oraindik ez da "finantza larrialdi egoeratik" atera, 2011ko ekainean hauteskundeak aurreratu ostean egungo "Gobernuak aurkitu zuen egoera". Horren iritziz, oraindik "bide luzea dute aurretik bazkideen konfiantza berreskuratzeko".
Ordu erdiko diskurtsoan, herrialdeak ezin duela Europak euren arazoak noiz konponduko zain ezer egin gabe geratu berretsi du, eta horrek egoera larrituko lukeela esan du.
Konstituzionalak baliogabetu dituen neurriak orekatzeko, lehenbailehen gastua murrizteko aginduak emango dizkiei Passos Coelhok ministerioei eta "Estatuko berregituraketa azkartuko" dela esan du.
"Ez da erraza izango, bi urte hauetan Estatuaren gastua jada murriztu dugu", ekarri du gogora.
Hala ere, zergak igotzea baztertu du, 2012an Konstituzionalak baliogabetu zituen beste murrizketak orekatzeko soldaten presio fiskala igo ostean, % 30eko batez bestekora.
Oposizioak murrizketa gehiago errefusatu ditu
Diskurtsoa amaitu bezain laster, oposizioko hainbat bozeramailek lehen ministroaren dimisioa eskatu dute eta herritarrei sakrifizio berriak eskatzea kritikatu dute.
Portugaleko oposizio osoa murrizketa berrien aurka azaldu da eta herrialdeko erreskatearen baldintzak berriro negoziatzeko eskatu dute.
Alderdi Sozialistaren, Komunistaren eta Ezkerreko Blokearen bozeramaileak Gobernuaren aurka azaldu dira Konstituzionalari egindako kritikengatik.
Premiazko bilerak
Larunbatean, Anibal Cavaco Silva presidenteak, alderdi berekoak, legegintzaldia amaitzeko baldintzak betetzen dituela esanez babestu zuen lehen ministroa.
Azken honek gehiengo osoa du eta horri esker oposizio osoaren zentsura-mozioari aurre egin ahal izan zion. Baina, murrizketen aurka Konstituzionalak emandako epaiak, larunbatean premiazko bilera egitera behartu zuten lehen ministroa.
Cavacorekin bildu ostean, Portugaleko presidenteak ohar bat argitaratu zuen Gobernua babesten zuela berretsiz, nahiz eta ez den jakin lehen ministroaren dimisioa mahai gainean egon zen ala ez.
Gobernuak oraindik ez ditu bi urte bete (lau dira guztira), baina "agintaldia amaitzeko baldintzak betetzen" dituela esan zuen atzo presidenteak.
Konstituzionalaren epaiaren ostean, ministro kontseiluen ezohiko bilera egin zuten epaia aztertzeko. Bileraren ostean, Gobernuaren bozeramaileak esan zuen ez daudela horrekin ados, baina "onartuko" dutela.
Erabaki horrek herrialdea arriskuan jartzen duela gaineratu zuen, eta erreskatearen epeak luzatzeko negoziaketetan ondorio negatiboak izan ditzakeela ohartarazi zuen.