Krisi Ekonomikoa -
Zuzentzeko eskatu dio
Espainiaren desorekak 'gehiegizkoak' direla ohartarazi du Bruselak
Europako Batzordeak desoreka ekonomiko horiek zuzentzeko neurri gehiago eskatu dizkio Espainiari.
Erredakzioa
Europako Batzordearen iritziz, Espainiaren desoreka makroekonomikoak "gehiegizkoak" dira, eta horiek zuzentzeko neurriak behar dira. Besteak beste, lan-erreformaren eragina berrikusteko, banku-erreforma "ahalik eta azkarren" osatzeko eta enplegu politikak indartzeko eskatu dio Mariano Rajoyren Gobernuari.
2011ko datuetan oinarrituta, Espainiak egindako "ahalegina" aintzatetsi du Bruselak txosten horretan, eta hainbat alorretan hartutako neurriak goraipatu ditu, baina "erreformen agenda osatu gabe" dagoela iritzi dio.
Europako Batzordearen aburuz, indarrean dauden erreforma batzuk "ez dira eragingarriak izan", horiek ezartzeko "atzerapenena" egon delako.
Europar Batasunean desoreka makroekonomikoak dituzten herrialdeen zerrenda ezagutarazi du asteazken honetan Batzordeak: Belgika, Bulgaria, Danimarka, Frantzia, Italia, Hungaria, Malta, Herbehereak, Finlandia, Suedia eta Erresuma Batua.
Desorekak zuzentzeko neurriak
Desorekei gehiegizkoak iritziz gero, Batzordeak herrialdearen kontrako prozedura bat ireki dezake, eta, horrek zuzentzen ez badu, BPGaren % 0,1 arteko isunak jar diezazkioke.
Europar Batasunak aitortu egin du Espainiak ahaleginak egin dituela, baina desoreka horiek "anbizio handiko erantzun politikoa" behar dutela nabarmendu du.
Batzordearen ustez, Espainiaren kanpo eta barne zorrak "oso handiak" dira oraindik, eta hori arriskutsua da egonkortasunarentzat eta hazkundearentzat. Horrenbestez, esfortzuei eusteko deia egin die agintariei, finantza publikoen iraunkortasuna bermatzeko.
Langabezia, desoreka larrienetako bat
Europako Batzordearen iritziz, langabezia tasa da Espainian atzeman dituzten desoreken artean larrienetakoa, eta aurten igotzen jarraituko duela ohartarazi du.
Halaber, 2013rako aurreikuspenen arabera, langabezia tasak "% 27ko maila" gaindituko duela gogorarazi du.
Bruselaren 'errieta' onartu du Rajoyk, baina ''datuak zaharrak'' direla azladu du
Espainiaren ekonomiaren desoreken inguruan Europako Batzordeak egindako ''errieta'' onartu du Mariano Rajoy Gobernuko presidenteak, baina, txostena egiteko datu zaharrak erabili dituztela argitu du. Halaber, Espainia egiten ari den sakrifizioen aurrean, babes handiagoa eskatu die Europar Batzordeko erakunde eta bazkideei.