Krisi Ekonomikoa -
Negoziazio kolektiboa
Adegi: 'Gipuzkoako enpresen % 90 soldatak izoztearen alde dago'
Enpresek nabarmen babestu omen dute patronalak hitzarmen kolektiboaren negoziazioan izan duen jarrera.
Erredakzioa
Adegi Gipuzkoako Enpresarien Elkarteak ostiral honetan jakinarazi duenez, lurraldeko enpresen % 90 soldatak izoztearen alde dago. Oro har, hitzarmen kolektiboaren negoziazioan patronalak izan duen jarrera babestu omen dute enpresaburuek.
Enpresen hitzarmen kolektiboaz, hitzarmenez, oro har, eta sindikatuen proposamenez duten iritzia ezagutzeko inkesta bat bidali zien Gipuzkoako enpresei, eta gaur inkesta horren emaitzak argitaratu ditu Adegik.
Adegiren iritziz, enpresak probintzia mailako hitzarmenak egitearen alde daude. Halaber, langileen soldatak eta lanaldia mantendu nahi dituzte, egungo legedia aplikatuta.
Aipaturiko inkesta horretan hainbat gairen gainean galdetu zaie enpresaburuei: lanaldia, soldata, malgutasuna, ultraktibitatea eta abar. Enpresen % 95,1ek ez luke onartuko sindikatuek soldaten gainean egin dituzten proposamenak. Malgutasunari dagokionez sindikatuek egin dituzten proposamenak ez lituzke onartuko enpresen %94,7k. Bestalde, 10etik 9k ez luke ultraktibitatea onartuko.