Krisi Ekonomikoa -
Elkarrizketa
Muñozek dio 'arduraz' jokatu dutela greba orokorra deituta
ELAren idazkari nagusiak egungo ongizate estatutik "zer geratuko den" galdetu die erakundeei, "kapitalaren aginduak betetzen" ikusten dituelako.
Erredakzioa
Adolfo Muñoz ELAren idazkari nagusiak ongizate estatutik "zer geratuko den" galdetu die Eusko Jaurlaritzari, Nafarroako Gobernuari eta aldundiei, "kapitalaren aginduak betetzen" dituztela ikusten duelako.
Muñozek Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean azaldu duenez, egoera "oso larria" da, eta maiatzaren 30eko greba orokorra "arduraz" deitu dute.
"Greba orokorra deitzen dugunean, arduraz jokatzen dugu, eta galdera zuzena egiten diegu bai Eusko Jaurlaritzari, bai Nafarroako Gobernuari, eta baita foru aldundiei ere: zer geratu behar da zutik? Zer utzi behar duzue zutik?. Oso larria da egun bizitzen ari garena, eta kapitalaren aginduak jarraitzen segitzen badute, zutik zer geratuko den esan behar digute", berretsi du.
Era berean, Espainiako Gobernuak inposatzen dituen neurriei desobedientziaren bidez aurre egiteko deia egin die erakundeei, "borondaterik egonez gero, baina ez dugu bide hori jorratzeko borondaterik ikusten".
"Boterea botere ekonomikoa da, eta hark esaten dio gobernuari zer egin behar duen, eta gobernuak bete egiten du agindua. Alternatibarik ez dagoela esaten diote jendeari, eta haien mendekotasuna ezkutatzeko egiten dute. Mobilizazioek ez dutela ezertarako balio ere esaten dute, eta esperantza kentzeko egiten dute", salatu du buruzagi sindikalak.