Krisi Ekonomikoa -
2013an
Bizkaiko metalgintzan 3000 lanpostu desagertuko direla aurreikusi dute
Metaleko Lantegien Bizkaiko Federakuntzak eman du datua, 2012ko berdina, krisiak bere horretan jarraitzen duela eta berehala suspertuko dela pentsatzeko zantzurik ez dagoela ikusita.
Erredakzioa
Metaleko Lantegien Bizkaiko Federakuntzak aurreikusi duenez, 3.000 lanpostu desagertuko dira Bizkaiko metalaren sektorean, 2012an bezalaxe, krisiak bere horretan jarraitzen duelako eta berehala suspertuko dela pentsatzeko zantzurik ez dagoelako.
Jose Luis Lopez Gil Federakuntzaren presidenteak eman du aurreikuspenaren berri, 2012ko balantzea eta aurtengo aurreikuspenak azaltzeko Bilbon emandako prentsaurreko batean.
Lopez Gilen Federakuntzan Bizkaian dauden metalgintza sektoreko 1.500 enpresetako 951 daude sartuta, 55.000 langileetatik 38.000 langile, alegia.
2012an Bizkaiko metalgintza sektorean 3.000 lanpostu galdu zirela jakinarazi du Lopez Gilek, eta aurten bide beretik jarraituko duela pentsatzen du.
Federakuntzaren presidenteak gogor kritikatu du euskal gehiengo sindikalak maiatzaren 30erako deitu duen greba orokorra, "enpresen egoera eta sektoreko lan-hitzarmenaren negoziazioa zailtzeko soilik" balioko duelakoan.
Jaime Fernandez Alcedok, Federakuntzaren gerenteak, gogora ekarri duenez, negoziazioek aurrera egiten ez badute eta uztailaren 7rako ituna lotzen ez bada, sektoreko enpresek "probintziako lan-hitzarmena galduko dute" eta Estatuko hitzarmena ezarriko zaie.