Krisi Ekonomikoa -

Gatazkaren amaiera

Cementos Lemonako langileen ustez, akordioak egonkortasuna ematen die

Jaurlaritzak gatazkan esku hartu izana "positibotzat" jo dute, baina "lehen egunean beharrean, seigarren hilabetean" egin izana kritikatu dute.

Cementos Lemona enpresa. EITB
Cementos Lemona enpresa.
Cementos Lemona enpresa. EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Cementos Lemona enpresako langileek amaitutzat jo dute lau hilabete eta erdiko greba enpresako zuzendaritzarekin akordio batera iritsi ostean. Akordioak "lan baldintzetan eta enpleguan egonkortasuna" ematen diela azpimarratu dute.

Enpresako zuzendaritzak eta langileek gatazka amaitu dute hitzarmen kolektiboa sinatuz eta kaleratutako 16 lagunei berriro enpresan onartuz.

Zazpi hilabeteko mobilizazioen eta abenduaren 5ean hasi zuten greba mugagabearen ostean iritsi da akordioa, Cementos Portland Valderribasek (enpresako aurreko jabeak) lan-erregulaziorako txostena aurkeztu ostean.

Akordioan, halaber, enpresaren proiektu berriari aurre egiteko malgutasun neurriak ere zehaztu dituzte. Otsailean, Irlandako CRH taldearen esku geratu zen enpresaren proiektu berria, Cementos Portland Valderrivasekin adostasunera iritsi eta gero.

Langileek azpimarratu dutenez, akordioa "borrokari eta langileen batasunari esker" lortu da, LAB sindikatuaren arabera.

"Aurrez aurrez, lan erreformen armez beteriko bi multinazional handi izan ditugu, Madrileko CCOO eta UGT sindikatuen elkarlanarekin, Cementos Lemonaren aurka jartzen zuten edozer sinatuz", salatu dute.

"Inposizioan eta kaleratzeetan oinarritutako lan harremanen ereduaren aurka sortu zen gatazka, eta kaleratutakoak berriz onartuz eta erreformaren aurkako klausulez beteriko hitzarmenarekin amaitu da", gaineratu dute.

Azkenik, Jaurlaritzak esku hartzea "positiboa" izan dela esan dute, nahiz eta, "lehen egunean beharrean, seigarren hilabetean" esku hartu izana kritikatu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea