Krisi Ekonomikoa -
Elkarrizketa
Barrena: 'EAJk jarrera aldatzen badu, hor izango du ezker abertzalea'
Sorturen bozeramailearen esanetan, EAEko aurrekontuak "gastu soziala lehenetsi" beharko luke, eta ezin da oinarritu 'troika'ren zuzentarauetan.
Manu Gimenez
Pernando Barrena Sorturen bozeramaileak adierazi duenez, ezker abertzaleak EAJrekin "akordio zabaletara" heltzeko "prestutasun osoa" du aurrekontuen, bake prozesuaren edo erabakitzeko eskubidearen alorretan.
Horretarako, hala ere, EAJk "mahai gainean edukiak" jarri behar dituela uste du bozeramaile abertzaleak. "Ezin du 'hau da dagoena' jarrerarekin jarraitu; izan ere, balizko akordioetan, beste aldeak ere ikusi behar du aldarrikatzen duenaren isla", adierazi du Barrenak Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean.
Horren harira, "EAJk jarrera aldatzen badu" ezker abertzalea "akordio zabaletara" iristeko prest dagoela azpimarratu du.
EAEko Aurrekontuari dagokionez, ezker abertzalearen buruzagiak uste du "gastu soziala eta herritarrak lehenetsi behar direla, 'troika'k inposatutako interesen gainetik". Eusko Jaurlaritzak "diru publikoa gehien behar dutenentzat" dela erakutsi behar du, eta horretarako "gogoeta egin behar du hainbat gairen inguruan, azpiegitur handien inguruan adibidez, gaur egun ezbaian daude eta", gaineratu du.
Barrenaren esanetan, gehiengo zabalak behar dituzte akordio horiek, eta "EAJk eta EH Bilduk akordioari zilegitasuna emateko nahikoa babes sozial badute ere, gomendagarria da" akordioak ahal den zabalenak izatea, PSE-EE barne hartuta alegia.
"Ekonomia alorrean, PSE-EEk eta biok ezkertiartzat jotzen dugu gure burua, eta horrek gai jakin batzuetan adostasuna egotea esan nahi du, baina akordioetara heltzeko gure prestutasuna erabat irekia da, garrantzitsuena ez baita nortzuk iristen diren akordiora, zer adosten den baizik", berretsi du.