Krisi Ekonomikoa -

Erreformak

Espainia 'egoerari buelta emateko atarian' dagoela defendatu du Rajoyk

Bañez ministroaren hitzetan, baina, oraindik ''bide luze eta zaila'' du Espainiak aurretik enplegua sortu ahal izateko. Enpresa txikiei zuzendutako akordioa itxi du De Guindosek Alemaniarekin.

Mariano Rajoy Espainiako presidentea.
Mariano Rajoy Espainiako presidentea.
Mariano Rajoy Espainiako presidentea.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mariano Rajoy Gobernuko presidenteak ziurtatu du "herrialdearen norabide aldaketa egiaztatzen duten gertaerak" daudela eta aldaketa horren intentsitatea ez jaistearen alde egin du, "erreformen etengabeko legegintzaldia izan behar duelako". Ildo horretan, Alemaniaren babesa jaso dute Gobernuak onartutako neurri berriek, eta, Espainiako enpresa txiki eta ertainetan inbertsioa erraztu eta enplegua sustatu ahal izateko akordioa sinatu du Luis de Guindos ministroak Alemaniarekin.

Hala, Espainia ''egoerari buelta emateko atarian'' dagoela defendatu du astelehen honetan Rajoyk; Bañez enplegu ministroaren hitzetan, baina, oraindik ''bide luze eta zaila'' du Espainiak aurretik enplegua sortu ahal izateko.

Rajoy: ''Espainia egoerari buelta emateko atarian dago''

"Garrantzitsuena norabidea ez galtzea da", adierazi du Familiako Enpresen Institutuaren batzarreko amaiera ekitaldian. Ostiralean onartu zituen plan nazionalean aurreikusitako eta datozen hilabeteetan egingo dituen erreformez mintzatu da.

Datu ekonomiko batzuk orain urtebete baino okerragoak direla onartu duen arren, Espainia "egoerari buelta emateko atarian" dagoela defendatu du.

Okerrera egin duten datuen artean, langabezia aipatu du Rajoyk. Hala ere, datuak ez duela Gobernua ustekabean harrapatu esan du, "dramatikoa den arren", eta langabezia-tasa euren politikak aurrera eramateko "pizgarri handiena" dela gaineratu du.

Zergen alorrean, ez zaiola zergak igotzea gustatzen azpimarratu du, baina Gobernuaren asmoa, "aukera txikiena dagoen unean", jaistea dela esan du. Gainera, legegintzaldi honetan bertan egin ahal izatea espero duela esan du.

Bañez: ''Bide luze eta zaila dugu aurretik enplegua sortzeko''

Bestalde, Espainiak enplegua sor dezan aurretik ''bide luze eta zaila'' duela ohartarazi du gaur bertan Fatima Bañez Enplegu ministroak.

Senatuko Enplegu eta Gizarte Segurantzako Batzordean agerraldia egin du ministroak, langabeziak Espainian duen garapenaren berri emateko. Bertan, alderdi eta agente guztien ''erantzukizunari'' dei egin dio, Bañezen hitzetan egoera ekonomiko eta soziala ''oso gogorra'' delako. ''Ez dago geldi egoteko denborarik'', esan du ministroak.

Halaber, Gobernuak onartutako lan-erreformarekin soilik enplegua sortu ezin dela onartu du, eta epe laburrean enpleguaren suntsiketa murriztu dadin balio izan duela defendatu du.

Enpresa txiki eta ertainetan enplegua sortzeko akordioa

Bestalde, Luis de Guindos Ekonomia ministroak eta Wolfgang Schäuble Alemaniako Finantza ministroak akordio bat sinatu dute Espainiako enpresa txiki eta ertainetan inbertsio pribatua sustatzeko eta enplegua sortzeko.

Azken hilabeteetako negoziazioei esker itxitako akordioa dela esan du Espainiako ministroak.

Era honetan, Alemaniako inbertitzaileek kaudimena duten Espainiako enpresa txiki eta ertainei kapitala emateko formulak aurreikusi dituzte, batik bat langabezia (gazteen artekoa batez ere) gutxitzeko asmoz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea