Krisi Ekonomikoa -
Merkatuak
Burtsak % 0,15 behera egin du EBZk diruaren prezioa jaitsi eta gero
Arrisku-saria 290 puntutan kokatu da eta Ibex 35 indizeak 12,6 puntu galdu ditu, baina 8.400 puntuko kota mantentzea lortu du.
Erredakzioa
Europako Banku Zentralak (EBZ) interes-tasak gutxiengo historikora, 0,5era, jaitsi eta gero, Espainiako burtsak % 0,15 egin du behera. Horrela, ekonomia suspertzeko beste neurri batzuen gabezia zigortu du inbertitzaileen desengainuak.
Arrisku-saria 290 puntutan kokatu da eta Ibex 35 indizeak 12,6 puntu galdu ditu, baina 8.400 puntuko kota (8.406) ozta-ozta mantentzea lortu du. Burtsak % 2,93 gora egin du urte hasieratik.
Iberdrolak % 0,68 egin du gora eta Telefonicak % 0,36. Repsolek, ostera, % 0,53 egin du behera, Inditexek 5 0,35, Banco Santanderrek % 0,2 eta BBVAk emaitza errepikatu du.
Ibex 35 ez da saioa positiboan ixteko kapaz izan, EBZren erabakiaren ostean; jardunaldi gorabeheratsu bat bizi eta gero.
Saioan zehar zalantzak izan dira nagusi. Indize nagusiak % 1 gora egin du, baina gutxi geroago proportzio berean behera egin du, EBZk interes-tasen jaitsiera iragari ostean. Mario Draghi erakundeko presidenteak inbertitzaileen itxaropenak zapuztu ditu, enpresa txiki eta ertainak finantzatzeko neurriak ez dituelako zehaztu.