Krisi Ekonomikoa -

Enplegua sustatzeko plana

Kaleratzeak egiten ez dituzten enpresei laguntzea proposatu du PSOEk

Baldin eta langileak kaleratzen ez badituzte, zailtasunak dituzten enpresei diru-laguntzak eskaintzea proposatu du Alfredo Perez Rubalcaba PSOEren idazkari nagusiak.

Alfredo Perez Rubalcaba PSOEren idazkari nagusia. Argazkia: EFE
Alfredo Perez Rubalcaba PSOEren idazkari nagusia. Argazkia: EFE
Alfredo Perez Rubalcaba PSOEren idazkari nagusia. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2013tik 2015era arte "arrazoi ekonomikoetan oinarritutako kaleratzeen luzamendua" proposatu du Alfredo Perez Rubalcaba PSOEren idazkari nagusiak, igande honetan aurkeztutako enplegua sustatzeko ezohiko programaren bitartez.

PSOEren egoitzan izandako agerraldian, buruzagi sozialistak "Ekonomia berpizteko eta enplegua sortzeko plana" izenburuko programaren ildoak azaldu ditu. Plan horrek alor pribatuari kreditua erraztea, epe laburrera enplegua sustatzea, erreforma fiskala eta pobreziaren aurka borrokatzea, besteak beste, ditu helburu.

Rubalcabaren esanetan, "Espainiako herritarren arazoei erantzuteko asmoa duten proposamenak dira, horietako askok tragedia pertsonal handia dutelako". "Alemaniatik bereziki inposatutako doitasun-politika hauekin ez dugu aurrera egiten, horregatik aldatzeko eskatzen diogu Gobernuari, minutu bat ere galdu gabe", azpimarratu du.

Lanpostuak ordaindu

Enpleguaren arloan, baldin eta langileak kaleratzen ez badituzte, zailtasunak dituzten enpresei diru-laguntzak ematea proposatu du PSOEren idazkari nagusiak. Horren harira, langile horiei lanaldi murriztua ezarriz gero, lanpostu horren kostua enpresak eta Estatuak bere gain hartuko zuten. 50 urtetik gorako langileei dagokionez, Estatuak lanpostuaren % 60 ordainduko luke.

Plan horrek 20.000 milioi eurok osatutako funts publikoa hartzen du, enpresak finantzatzeko, alegia. Gainera, herritarren zorra berrantolatzeko 10.000 milioi euroko beste diru-funtsa proposatu du Rubalcabak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea