Krisi Ekonomikoa -

Sindikatuek deituta

Milaka euskal funtzionariok murrizketen aurka protesta egin dute

ELA, LAB, UGT eta CCOO sindikatuek batera egin dute deialdia sektore publikoko murrizketen aurka protesta egiteko.

Manifestazioa Donostian. Argazkia: EITB
Manifestazioa Donostian. Argazkia: EITB
Lau sindikatu nagusiek funtzio publikoa aldarrikatu dute euskal hiriburuetan

1:25

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Milaka funtzionario eta Jaurlaritzako langile kalera atera dira sektore publikoko murrizketen aurka protesta egiteko, batez ere funtzionarioen lanorduak gehitzeko Urkulluren Jaurlaritzak egindako dekretuaren aurka; izan ere, aldi bateko langileen kontratazioa murriztuko dela salatu dute.

"Dekreturik ez! Enplegu Suntsiketarik ez! Zerbitzu publikoen defentsan, hemen erabaki!" lelopean, Funtzio Publikoaren negoziaketa mahaian dauden lau sindikatuak (ELA, LAB, UGT eta CCOO) batera atera dira manifestazioan.  Halaber, Hezkuntzako eta Osasuneko sindikatuen babesa izan dute, STEE-EILAS eta SATSE eta SME, besteak beste.

Bilbon izan da protesta jendetsuena. Kale Nagusitik atera dira eta Areatza pasealekuan amaitu da manifestazioa.

Donostian, 1.500 lagun inguru bildu dira Boulevarden hasi den manifestazioan. Bertan, zerbitzu publikoen murrizketen kontrako oihuak entzun dira.

Arantxa Agote UGTko kidearen iritziz, Urkulluren Jaurlaritza "hipokrita" da eta herritarrei gezurra esatea egotzi dio enplegua sustatzeko politika egiten duela esaterakoan. Horren iritziz, sektore publikoaren aldi bateko milaka lagunen lanpostuak suntsituko dira.

Arantxi Sarasola LABeko ordezkariak sindikatuen arteko batasuna nabarmendu du eta funtzionarioen lanorduak gehitzeko dekretuarekin 2.000 lanpostu galduko direla ohartarazi du.

ELAtik, Igor Eizagirrek sindikatuekin negoziatzeko eta "inposaketa uzteko" eskatu dio Jaurlaritzari. Halaber, maiatzaren 30erako deitu duten greba orokorrean parte hartzeko deia egin du.

Pablo Garcia de Vicuña CCOOko buruzagiak manifestazioak "inflexio puntua" izatea espero duela esan du Jaurlaritzak "zentzuz jokatzeko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea