Krisi Ekonomikoa -
'Proposamena', Europatik
Gobernua eta patronala, kontratu bakar irekiaren kontra
Enplegu ministroaren hitzetan, inkonstituzionala da, eta patronalarentzat, berriz, ''oso ausarta''. Sindikatuak ere kontra agertu dira, eta Europako Enplegu komisarioak adierazpenak zehaztu ditu.
Erredakzioa
Espainian ''kontratu bakar irekia'' abian jartzeko Europako Enplegu komisarioak egindako proposamena garai batean Gobernuak aztertutako aukera izan zen, baina ''Konstituzioarekin ez duelako bat egiten'' ondorioztatu zuen, Fatima Bañez enplegu ministroak astearte honetan argitu duenez.
Ministroak azaldu duenez, Bruselak ez dio Espainiari gomendio ofizialik egin, eta komisarioaren hitzak ''hausnarketa'' baino ez zirela gaineratu du. ''Komisarioak lan erreformaren malgutasuna babestu du'', gaineratu du Bañezek.
Atzo bertan, langabeziari aurre egiteko "kontratu bakar irekia" ezartzea aztertzeko eskatu zion Laszlo Andor Europako Enplegu komisarioak Espainiari. Neurria gazteen langabeziari aurre egiteko eta lan-merkatuaren segmentazioarekin bukatzeko proposatu zuen Andorrek.
Horri erantzunez, Mariano Rajoy presidenteak lan erreforma aldatzeko asmorik ez zuela berretsi zuen.
Patronalaren hitzetan ''oso ausarta'' da
Juan Rosell CEOEko presidentearen hitzetan, neurria ''oso ausarta'' da. Proposamen ''teknikoa'' berez ez dela ''burutazio bat'' esan du Rosellek, baina neurria baloratu ahal izateko datu gehiago behar dituela gaineratu du.
Edonola ere, Espainiako ekonomian industriak eta zerbitzuek duten pisua dela-eta, ''kontratu mota ezberdinak'' beharrezkoak direla uste du patronalaren presidenteak. Rosellek azaldu du 41 kontratu mota daudela egun, baina, 7 edo 8 bakarrik erabili ohi direla.
Egoerari aurre egiteko, berriz, 'minijob'en alde egin du.
Sindikatuak, kontra
Espainian kontratazio mailan erabakiak hartzeko eskumenik ez duela gogorarazi dio Bruselari Candido Mendez UGT sindikatuko idazkari orokorrak, eta Ignacio Fernandez Toxo CCOO sindikatuko buruak, bestalde, kontratu mota hau langile gazteenak ''arrazoirik gabe eta ia erabat doan'' kaleratzeko ''gonbidapena'' litzatekeela ohartarazi du.
Komisarioak esandakoa argitu du
Espainiako Gobernuak kontratu berriaren aurrean plazaratutako ezetzaren aurrean, ''arazoari irtenbidea aurkitzeko askotan legedi aldaketak beharrezkoak'' direla esan du gaur Europako Enplegu komisarioak.
Edonola ere, atzo egindako adierazpenak argitu nahi izan ditu komisarioak, eta ez duela proposamenik egin esan du. Hala, ''ideia ezberdinen inguruan'' aritu zela esan du gaur komisarioak.