Krisi Ekonomikoa -
Defizit helburu berria
Bruselak defizit helburua malgutzeko baldintzak iragarriko ditu gaur
Horren ostean, Espainiako Gobernuak erkidegoen defizit helburua malgutzea erabakiko du.
Erredakzioa
Europako Batzordeak defizit helburua malgutzeko baldintzak jakinaraziko dizkio gaur Espainiari, eta, segur aski, ez dio isunik jarriko orain arteko helburuak ez betetzeagatik.
Hain zuzen ere, Bruselak beste bi urte emango dizkio Espainiari, defizita barne produktu gordinaren (BPG) % 3ra jaisteko. Olli Rehn Gai Ekonomikoetarako komisarioak aurreratu duenez, helburu berriak hauek izango dira: % 6,3 aurten, % 5,5 hurrengo urtean, % 4,1 2015. urtean eta % 2,7 2016an.
Gaur, Batzordeak Espainiaren erreformak aztertuko ditu, eta Mariano Rajoyren Gobernuak oniritzia emango dietela uste du.
Dena dela, apirilaren 10ean, Bruselak Espainiaren desoreka ekonomikoak aztertu zituen, eta, egun horretan esandakoa oinarri hartuta, gaur jakinaraziko dituzten baldintzak nolakoak izango diren asma daiteke.
Hori horrela, Europako Batzordeak produktuen eta zerbitzuen merkatuen lehiakortasuna hobetzea gomendatu zion Espainiari.
Besteak beste, lan erreforman sakontzea, soldatak jaistea, enplegu politikak hobetzea, pentsioak erreformatzea eta hainbat produkturen BEZ murriztua igotzea ere aholkatu zuen.
Ondoren, erkidegoen txanda
Espainiako Gobernuak Bruselaren baldintzak ezagutu eta gero, erkidegoei ere defizit helburua malgutzea erabakiko du.
Orain, erkidegoek BPGaren % 0,7 dute helburu. Euskadiren kasuan, helburua igotzen den hamarren bakoitzeko, 66 milioi euro gehiago izango ditu Eusko Jaurlaritzak. Hau da, EAEk defizita % 1era igotzeko baimena jasoko balu, Aurrekontuetan aurreikusita ez zeuden beste 200 milioi euro izango lituzke.