Krisi Ekonomikoa -

Etxebizitzak berritzeko plana

Jaurlaritzak 52.000 etxebizitza berritu nahi ditu, hiru urtean

81,5 milioi euro jarriko ditu Jaurlaritzak etxebizitzak berritzeko, eta Europak defizit muga malgutzea erabakitzen badu, beste 10 milioi euro bideratuko ditu plan horretara.

Urkullu lehendakariak eta Aburto sailburuak etxebizitzan berritzeko plana aurkeztu dute gaur. EiTB.
Urkullu lehendakariak eta Aburto sailburuak etxebizitzan berritzeko plana aurkeztu dute gaur.
Eraikuntza suspertzeko egitasmoa aurkeztu du Jaurlaritzak

1:20

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak 81,5 milioi euro bideratuko ditu datozen hiru urteetan 52.000 etxebizitza inguru berritzeko. Dirutza hori batez ere irisgarritasuna hobetzeko eta igogailuak jartzeko izango da, baina baita energia aurrezteko hobekuntzak egiteko ere. Halaber, eraikuntza arloan 13.765 enplegu baino gehiago sortu nahi ditu Jaurlaritzak plan horren bidez.

Iñigo Urkullu lehendakariak eta Juan Maria Aburto Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak gaur aurkeztu dituzte Gasteizen etxebizitzak berritzeko Jaurlaritzaren egitasmo berriaren gaineko xehetasunak. 2013-2016 aldian enplegua suspertzeko programaren ildo estrategikoetako bat da aipaturiko plana.

Jaurlaritzak 2013-2016 aldian eraikuntzaren arloan 13.765 enplegu baino gehiago sortu nahi dituela azaldu du Iñigo Urkullu lehendakariak. 3.146 lanpostu 2013an bertan sortuko direla gaineratu du. Halaber, BEZaren, EIOZaren (Eraikuntzen, Instalazioen eta Obren gaineko Zerga) eta sozietateen gaineko zergaren bidez, 2013 eta 2016 artean, 282, 3 milioi euro jasotzea aurreikusi dute.

Plan hau, hain zuzen ere, 2013 eta 2016 bitartean Enplegua Sustatzeko Programaren ardatz nagusi batean jasota dago. Hala, defizita malgutzea erabakitzen badute, 40 milioi euro enplegua bultzatzeko programara bideratuko dituela iragarri du Jaurlaritzak, eta horien artean 10 milioi etxebizitzak berritzeko planerako erabiliko dituela. Hori eginez gero, beste 2.000 lanpostu gehiago sortuko direla aurreikusi du Aburtok.

Plana banakako etxebizitzak berritzeko, eraikinak osorik birgaitzeko, ekipamendu publikoak hobetzeko, espazioen irisgarritasuna bermatzeko eta herriguneak suspertzeko prestatu dute.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak Euskal Autonomia Erkidegoan etxebizitzak birgaitzeko premia dagoela azpimarratu du; izan ere, horren esanetan, EAEko eraikinen % 53k 50 urte baino gehiago dituzte, eta eraikinen % 15ek "premiazko esku-hartzea" behar dute, irisgarritasun arazoak dituztelako (% 76) edota igogailurik ez dutelako (% 29

Eraikuntzaren sektorea dinamizatu nahi du Jaurlaritzak egitasmo horrekin, baina energia kontsumoa % 20 murriztea eta karbono dioxidoaren emisioak gutxitzea ere lortu nahi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Errusiaren inbasioak eragindako krisia Eusko Jaurlaritza berriak EAE albisteak Ekonomia albisteak Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Dirulaguntzak