Krisi Ekonomikoa -
Aurreikuspenak
Euskadin datozen bi urteetan ez da lanposturik sortuko
Datozen bi urteetan 26.000 lanpostu galduko dira Euskadin. Aurten, EAEko ekonomiak % 1,2 egingo du behera, Jaurlaritzaren aurreikuspenen arabera.
Erredakzioa
Euskal Autonomia Erkidegoan ez da enplegurik sortuko 2015. urtera arte, Ricardo Gatzagaetxebarria Ogasun eta Finantza sailburuak aurreratu duenez. Horrez gain, datozen bi urteetan 26.000 lanpostu galduko dira Euskadin.
Eusko Jaurlaritzak 2014. urteko Aurrekontuak egiteko ildo nagusiak aurkeztu ditu gaur goizean.
EAEko ekonomiak datorren urtean gora egingo badu ere, 2015era arte ez da lanposturik sortuko. Espainiako eta Europako herrialde nagusietako ekonomiek hobera egin beharko dute, hori gertatzeko, Gatzagaetxebarriak gaineratu duenez.
Aurten, 20.000 lanpostu galduko dira Euskadin, eta langabezia tasa ia % 14ra iritsiko da. Datorren urtean, beste 6.000 enplegu galduko dira, eta langabezia puntu bat jaitsiko da.
Bestalde, 2013. urtean % 1,2 uzkurtuko da Euskadiko ekonomia, eta datorren urtean % 0,8ko hazkundea izango du.
Datu horiek baldintzatuta, Jaurlaritzako Ogasun sailburuak esan du datorren urtekoak Aurrekontu “mugatuak” izango direla. Administrazioa ez da handituko, lan hitzarmenaren negoziazio prozesuek ezarritako soldatak izango dituzte langileek eta gastuek “ongizatea bermatzea” eta “langabeziaren kontrako borrokan laguntzea” izango dute helburu.