Krisi Ekonomikoa -
Elkarretaratzea Bilbon
Neoliberalismoak demokrazia hilko du, CCOO eta UGT sindikatuen ustez
USOrekin batera, hiru sindikatuek elkarretaratzea egin dute Bilbon, Europako Sindikatuen Konfederazioak deituta.
Erredakzioa
Euskadiko CCOO, UGT eta USO sindikatuek gaur ohartarazi dutenez, botere ekonomikoek Europan inposatu dituzten politika neoliberalek "askatasun demokratikoekin ere amaituko dute". Hiru sindikatu horiek elkarretaratzea egin dute Bilbon, Europako Sindikatuen Konfederazioak deituta, Europa osoan ezarritako murrizketa politiken aurka.
Arriaga plazan 100 bat lagun bildu dira sindikatuen banderekin. Bero handiaren eraginez, parte-hartzaile batek konortea galdu du. Ekitaldiari amaiera emateko, Pink Floyden 'The Wall' abestiaren musikak lagunduta, murrizketak sinbolizatzen duen paperezko "harresi" bat apurtu dute.
"Askatasun demokratikoekin ere amaituko dute, Gobernuek gobernatzeari utzi diotelako, eta demokraziaren aurkakoak diren botereek (Europako Banku Zentrala, Nazioarteko Diru Funtsa eta Europako Batzordea) agindutako arauak ezartzen dituztelako", azpimarratu du Unai Sordo Euskadiko CCOOko idazkari nagusiak. Halaber, Europako herritarrak ez ordezkatzea egotzi die Oli Rehn eta Joaquin Almunia komisarioei.
Bestalde, Raul Arza Euskadiko UGTko idazkari nagusiaren esanetan, murrizketek "ideologia zehatz batekin bat egiten dute, eta tentsio sozial eta amorru handiagoa baino ez dute eragiten".