Krisi Ekonomikoa -
Negoziazio kolektiboa
Lanuzteak uztailaren 4an, lan-hitzarmenik ez duten sektoreetan
Milaka lagunek parte hartu dute Donostian, Bilbon eta Gasteizen, CCOOk, LABek eta UGTk, deituta, negoziazio kolektiboaren alde egindako manifestazioetan.
Erredakzioa
Metalgintza arloan CCOO, LAB eta UGT sindikatuek deitutako azken greba egunean, elkarrekin ikusi ditugu Bilbon hiru sindikatutako idazkari nagusiak, negoziaketa kolektiboaren alde eguerdian izan den manifestazioan.
Uztailaren 7a gainean den honetan, patronalari dei egin diote negoziaketa esparru sektoriala defendatuko duen akordio konfederala lortzeko, eta hitzarmenak apurtuz gero gatazka nabarmen areagotuko dela ohartarazi dute.
EAEn Estatuko soldatarik altuenak eta lanaldi laburrena ekarri duen negoziaketa esparru sektoriala defendatzeko batu dira. Horregatik, lan arloko erreforma baliatuz, patronalak aldebakartasunez bertan behera utziz gero gatazkak areagotuko egingo direla ohartarazi dio Confebaski Unai Sordo CCOOren idazkari nagusiak.
Sordok garrantzia handia eman die egunotako metalgintzako mobilizazioei. Negoziaketa esparrua defendatzeko akordioa egiteko astia badagoela adierazi du Raul Arza UGTren idazkari nagusiak.
Ainhoa Etxaide LABen idazkari nagusiak esan du ez daudela lan arloko arazo baten aurrean, arazo politikoan baizik, eta deia egin die erakundeei inplika daitezen.
Uztailaren 4an lan-hitzarmenak berrituta ez dauden sektoreetan lanuzteak deituko dituztela iragarri dute.