Krisi Ekonomikoa -
Irurtzungo enpresa
2 pertsona atxilotu dituzte Irurtzungo Inasa hustera joan direnean
Guardia Zibila langileei oldartu zaie, horiek lantegira sartzen saiatu direnean. Uztarazten hasi aurretik epailearen ebazpena erakusteko eskatu du Enpresa Batzordeak, ilegala dela uste baitu.
Erredakzioa
Guardia Zibila Irurtzungo Inasa enpresa uztaraztera joan da asteazken goizean, 07:30 aldera. Igor Arroyo Nafarroako LAB sindikatuko ordezkariak azaldu duenez, Guardia Zibilak karga ezberdinak egin ditu langileak lantegira sarzen saiatu direnean, eta, momentuz, hainbat zauritu eta bi atxilotu daude. Sare sozialetan salatu dutenez, ez diete argazki kamerak erabiltzen utzi.
Uztaraztea gelditzeko asmoz, langileek helegite bat jarri dutela jakinarazi dute. Haien ustez, hartzekodunen lehiaketa martxan jarri arte, enpresa hustea ekimen ilegala da.
Enpresaren zuzendaritzak iritzia aldatzeko asmoarekin, langileek manifestazioa antolatu dute asteazken arratsalderako. 19:00etatik aurrera, langile zein herritarrek aldarrikapenez beteko dituzte Irurtzungo kaleak.
InfoZazpi Irratiari eginiko adierazpenetan, aurrerantzean antolatuko diren mobilizazioetan parte hartzeko eskatu diete Sakanako herritarrei.
115 lanpostu
Langileek iragarri zutenez, Inasa enpresak, Estatuan aluminiozko bobinak egiten zituen enpresa bakarrak, inbertitzaile talde bat aurkitu du hartzekodunen konkurtsotik atera eta enpresa berriz ere martxan jartzeko.
Aurrera ateraz gero, 115 lanpostu sortuko lirateke. Irurtzunen, eta oro har langabeziak gogor jo duen Sakana ibarrean, asko eskertuko lukete.
Horregatik gaur INASAko langile ohiek talde inbertsorearen eskaera onar dezala eskatu diote Merkataritza Alorreko Epaitegiari.